El Sur, antzerki musikaletik gertu

Guaixe 2013ko apirilaren 19a

Iortiako antzerki tailerrak, atzera ere, Birjiñe Albiraren begiradapean lan egin du. "Oso ongi doa, oso langileak direlako; lan eta lan ari dira egunero entseatzen", aitortu digu Albirak, horregatik, "primerako" emanaldiak espero ditu bihar. Tailerrak lastailean ekin zion eta, orduan, antzezlaneko 11 pertsonaiak sortzen hasi ziren. "Gehienek joan den urtean parte hartu zutenez, aurreko pertsonaietatik urrun egoten saiatu gara. Poliki-poliki lantzen hasi ginen, musikarekin lotu genuen dena". Abiapuntua, beti ere, Albirak emandako ideia bat izan zen, "eta bakoitzak nahi zuena gehitzen jarraitu zuen, besteen laguntzarekin". Pertsonaiak sortu ondoren, hiri handi batean dagoen El Sur taberna sortu zuen taldeak, antzezlanaren izenburua ere badena.  Han pertsonaiak biltzen dira. "Batzuk arraroak, ustez arruntak direnak baina ez direnak eta, besteak, modan daudenak". Eguneroko gaiak jorratuko dituzte, umore handiz. Batzuetan beltza, inuzentea bestetan. "Baina puntu ilun bat" badagoela ere aurreratu digu Albirak. Jakin minak Iortiako eszenarioan aseko dizute. AntzezleakAmelia Lapuente (Luci), Patru Aracama (La Reina de la noche), Elena Aldasoro (Loulou), Natalia Martin (Eloise), Puy Senar (Juanita), Julia Alvaro (Reyes), Iñaki Lopez (Ricky Star), Olivi Galparsoro (Kakun), Marisol Lizarraga (Pamela), Marta Diego (Agustina) eta Erkuden Palacios (Mara).