Goikoetxearen arrastoa

Guaixe 2013ko apirilaren 17a

Juan Manuel Goikoetxea, Fardel, zena gogoan izateko ekitaldia antolatu zuten larunbatean haren adiskideek. Arantzazu izan zen altsasuarraren oroimena biziberritzeko aukeratutako toki esanguratsua eta hara 500 bat pertsona joan ziren asmo horrekin, ehunen bat altsasuar tartean zirela. Eta haiekin batera Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako hiru kontseilari ere (Erkoreka, Tapia eta Beltran de Heredia). Ekitaldian, Gandiaga topagunea lepo zegoela, Iñaki Berisainek hartu zuen hitza Goikoetxearen "konpromiso erradikalki humanista" azaltzeko. Ondoren, Felix Ormazabalek, altsasuarrak hartu zituen alderdi eta erakunde konpromisoen errepasoa egin zuen. Azkenik, Eduardo Urrutiak, altsasuarrak lehen sektorearen alde zuen konpromisoaren berri eman zuen. Nikolas Segurola frantziskotar artzainak ere hitza hartu zuen. Ekitaldia despeditzean bildutako guztiendako auzatea izan zen. Aurretik, elizkizuna.