Ingurumenarekiko ardura, institututik

Guaixe 2013ko apirilaren 18a

Iortian jarriko duten erakusketan ikastetxeari eta inguruko errekei buruzko datuak izanen dira, besteak besteBosgarren urtea da Aralarko Mikel Donea institutua Nafarroako Uraren Gazte Foroan parte hartzen ari dena. Parte hartze horrek irakasle mordo bat eta ikastetxeko ikasle guztiak ingurumenarekiko sentsibilizazioan bustitzea ahalbideratu du. Aurreko ikasturteko lanaren fruitua astelehenetik maiatzaren 5era Altsasuko Iortia kultur gunean ikusgai izanen da. Eukene Durana irakasleak azaldu digunez, lau ardatz lantzen dituzte. Birziklapena da haietako bat da. Hondakinak egoki bereizteko eta zabor kopurua gutxitzeko sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte institutuan. "Garbitzaileek lehengoarekin alderatuta aldaketa sumatu dute. Hala ere, patioan jasotako zabor kopurua ez da jaitsi", esan digu Duranak. Elkartasun kanpainetara bideratzen dituzten tapoiak ere biltzen dituzte. Urari dagokionez, ikastetxearen kontsumoa aztertu eta hura jaisteko neurriak proposatu dituzte. Aldi berean, inguruko errekatako uraren kalitatea ere aztertu dute. Energia kontsumoaren murriztea ere aztergai izan dute, klaseetan lantzeaz gain. Azkenik, mugikortasun arloan, bizikletaren sustapena bulkatu dute.