Sunsundeguira planak ekarritako lan eta gizarte normaltasuna nabarmendu du UGTk

Guaixe 2013ko apirilaren 23a

MCA-UGTko Idazkari Nagusi Lorenzo Riosek ostiralean Iruñean emandako prentsaurrekoan azaldu zuenez, bideragarritasun plana onartu ondoren zuzendaritzak jakinarazi diela proiektuak eta eskaerak sartzen ari direla, "dirudienez, bezeroek enpresarengan konfiantza berreskuratu dutelako. Ekoizpen aurreikuspen horiek kaleratze kopurua 63tik 49ra pasarazi ditu; kaleratutako 20 haien borondatez doaz". Langile horiek heldu den astelehenean utziko dute lantegia eta 152 geldituko dira. Riosek Sunsundeguira eskaerak iristen jarraitzea espero du. Eta gogora ekarri du "2017rako helburua da enpresak egonkortasun eta hazkunde garaiko enplegu eta ekoizpen maila izatea". UGTko metaleko federazioko buruak LABek egindako adierazpenei erantzun nahi izan zien adieraziz, "haien jarrera arduragabea estaltzeko gezurrak besterik ez dira". Bideragarritasun planaren negoziazio mahaitik LABek alde egin zuela eta plana langileen %60ren babesa jaso zuela gogorarazi zuen Riosek. "Harrigarria da LAB garbiketa ideologikoaz aritzea Sakanako UGTko delegatu asko denbora luzez haien setioa sufritzen ari direnean". Zenbait kasutan salaketa jarri dutela gaineratu zuen UGTko buruak. LABek jarrera horrekin jarraitzen badu, Riosek iragarri zuen Sunsundeguiko LABeko hiru delegatuen "baliogabetze demokratikoa" sustatuko luketela. Hau da, langileen %33ren sinadurak jasotzea eta aipatu delegatuen "legitimazio eza" sustatzea. SakanazIbarreko UGTko Eskualde Idazkari Davi Medinak ostiralean adierazi zuenez, langabeziaren aurrean Sakanak duen arazoa "garrantzi izugarrikoa da. Horregatik, eragile guztiak, politikoak, ekonomikoak edo gizartekoak, konponbideak bilatzeko norabidean tiratu behar dugu". Sindikatu batek ibarreko langile eta herritarren arazoez ahaztu eta alderdi politiko baten postulatuei men egiteak UGT harritzen zuela esan zuen. Medinak ziurtatu zuen "Sakana mapatik ez desagertzeko lanean ari direla" eta "ezkutuko helburuengatik" beste batzuei kontrakoa egitea egotzi zien. Arazoei konponbidea emateko batu edo gainontzekoen lana ez oztopatzeko eskatu zuen. Udalei "herrien eta herritarren alde egitea" eskatu zien, "konfrontazio politikoarekin ez garelako ezer lortzen ari". Sakanan nahikoa baliabide daudela eta bultzada emateko deia egin zuen Medinak.