Festa egitarauak ez du erlijio ekitaldien berri emanen

Guaixe 2013ko apirilaren 25a

Atzo egindako bilkuran Altsasuko Udalak erabaki zuen aurrerantzean festa egitarauan ez dela erlijio ekitaldien berri emanen. Horrekin batera, udalak ez zuzenean ez zeharka elizkizunetan ez parte hartzea erabaki zen. Gainera, udalaren aldetik "fede konkretu bateko ordezkariek ez dute beste fede batzuetako ordezkarien aurrean faborezko traturik edukiko". Beraz, hemendik aurrera udalaren parte hartzerik ez da izanen festa eta erromerietako elizkizunetan. Bilduk aurkeztutako mozioan nabarmendu zuen Altsasun fede askotariko pertsonak eta erlijiorik profesatzen ez duten pertsonak daudela. Eta gogora ekarri zuten udalak eta instituzio publikoak laikoak eta akonfesionalak direla. "Udalaren eginkizuna da altsasuar guztiendako ekintzak eta proposamenak eskaintzea, fede konkretu baten partaideak diren herritarrei soilik zuzentzea lekutik kanpo dago". Bilduk aurkeztutako mozioak Aralarren babesa jaso zuen. NaBaik eta PPk kontra bozkatu zuten eta IU abstenitu egin zen. Bai NaBaik nola IUk gaia festen eta herritar parte-hartze batzordean aztertzea eskatu zuten, altsasuarren eta eragileen parte hartzearekin. Eskaera hori onartu ez zenez eta mozioa bozkatu zenez, NaBaik kontrako boza eman zuen. Koalizioak azaldu zuenez, ermitetara udalak egiten dituen desfileak "altsasuar askorendako, zentzu erlijiosoa baino, zentzu historikoa edo tradiziokoa du, herrian oso errotua".  NaBairi orain arteko formula ez zaio gaizki iruditu: "tradizio hori mantendu eta gero zinegotzi bakoitzak libreki erabakitzea errito erlijiosoan parte hartzen duen edo ez". PSN eta UPNko ordezkaririk ez zen bilkuran izan. GehiagoAtzoko bilkuran, bestalde, Altsasuko Udalak Alzheimerragatik Aliantza ekimenarekin bat egin zuen. Altsasu Alzheimerrarekiko Herri Solidario izendatu eta gaitz horri aurre egiteko estatu-politika abiaraztea aldarrikatu zuen. Atzo ere, onartu egin zen IUk aurkeztu eta Bardeetako tiro poligonoa bertan behera uzteko eskatzen duen mozioa. Bestalde, auzitegiak Estatuko Abogazioari arrazoia eman dio eta Altsasuko Udala udaletxean Espainiako bandera jartzea behartu du. Udalak auziko kostuak ordaindu beharko ditu. PPk eskatu zuen epai horri helegiterik ez jartzera eta kostuak udalak ordaindu beharrean alkateak ordaintzea, "legea bete beharra baitu". Mozioak ez zuen aurrera egin.