Puntako gimnastak gertu

Guaixe 2013ko apirilaren 26a

Larunbatean, 15:00etan, Iskiza-Disnaval Txapelketa jokatuko da Altsasuko Zelandin. Estatu mailako gimnastak ariko diraIskiza Sakana Gimnasia Erritmiko Taldeak bihar, larunbatean, 15:00etan, Iskiza-Disnaval Txapelketa antolatu du Altsasuko Zelandi kiroldegian. Bertan estatu mailako gimnastak lehiatuko dira, modu indibidualean, Iskizako gimnastak barna. Puntako gimnastak lanean gertu ikusteko aukera eskaintzen digu, beste batez, Iskiza Taldeak. Gimnastak uztaiarekin, pilotarekin, mazoekin eta zintarekin arituko dira lanean. Mota guztietako akrobazia, mugimendu eta koreografiak eginen dituzte, musika jarraiki. "Oso txapelketa polita denez, jendea lehiaketa ikustera etortzera animatzen dugu. Ez zaie damutuko" dio Iskizako monitore Amaia Olmosek. Bestalde, aurreko larunbatean Iskiza Sakanako Liga burutu zen, Olaztiko kiroldegian. Iskizako eskola mailako gimnastak aritu ziren, taldeka. Aipatu lehiaketa Altsasu, Arbizu eta Olaztiko herrien artean jokatu zen, Iskizak gimnasia erritmikoa eskaintzen duen herrietan, hain zuzen. Oso gustura pasatu zuten gimnastek. NKJ-etan Eneritz Solozabal txapeldunIskizako gimnastak Nafarroako Kirol Jokoen (NKJ) Gimnasia Erritmiko txapelketan lehiatu dira, martxoan eta apirilean. Finalean emaitza politak lortu zituzten sakandarrek. Esaterako, benjamin B mailan, esku libreetan, Eneritz Solozabal lehena sailkatu zen. Kimuen B mailan, pilotan, Saioa Lopez hirugarrena izan zen eta kimuen A mailan, pilotan, Irune Argüelles hirugarrena sailkatu zen eta Argider Orabengoa laugarrena. Zorionak guztiei.