Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gutun bidez zuzendu zaizkio Lazaro Echeverriako langileak enpresako Administrazio kontseiluari. Langileek negoziazio ezaren arduradun egin dute gerentea: "ez du errealitatea batere ezagutzen eta bere hierarkia postuaren gehiegizko erabilera egiten du". Bi hilabete pasako grebaren arduradun egin dute gerentea, "langileon lan eskubide eta baldintzak txikitzeko asmo argia du". Langileen iritziz gerentea "bere nagusikeriagatik, ez da gai langileekin lan harremanez gutxieneko neurritasun eta leialtasunez aritzeko". Karguan segitzeak kezkatzen dituela aitortu dute langileek. Idatzian langileek diote, gerenteak greba kudeatzeko moduak lege-hausteak ekarri dituela eta zigorrak zigor ez duela iritzirik aldatu. Akziodunen eta langileen etorkizuna gerentea kaleratuz eta lan harremanak normalduko dituzten neurriak hartuz bermatuko dela uste dute langileek. Gutunarekin batera akziodunek langileen eskaeren zerrenda jaso dute. 65 egun grebanLazaro Echeverria enpresako langileek 65 greba egun egin dituzte gaur. Greba mugagabea hasi zuten 6 lankide kaleratzeagatik eta lan baldintzen okertzeagatik protestatzeko. Langileek ordezkariek (ELAkoak hirurak) esan dutenez, zuzendaritzako kideak ez dute hitz egiteko borondaterik azaldu. Grebak iraun duen bitartean langileek bitan salatu dute enpresa lan ikuskaritzan, haien lana ordezkatuz enpresa martxan dagoelako eta horrela grebarako eskubidea urratzen delako. Aurrenekoan arrazoia eman zien (bigarren ebazpenaren zain daude) eta epaiketa azaroaren 8rako aurreikusi da. Bitartean langileek kautela-neurriak hartzea eskatu diote epaileari eta haren ebazpenaren zain daude langileak.