Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lehen mailako jubenil mailan dabilen Altsasu taldeak Ardoiren kontra jokatu zuen larunbatean. Hil ala biziko partida zen, Liga Nazionalera igotzea baitzegoen jokoan. Hori sekulako lorpena litzateke, berez lehen mailako jubenil mailan egotea handia baita. Iaz lehen mailako jubenil mailan 4. postuan sailkatu zen Altsasu, eta aurten goi postuetan egon da, Liga Nazionalera igotzear. Tamalez, ametsa ezin izan da bete. Nahiz eta ligako azken partidan altsasuarrek Ardoiren kontrako partida irabazi, 2-1, Oberenak galdu beharra zuen, baina Itaroa Uharteri 0-1 irabazi zion Oberenak. Horrela, 1. Mailako jubenil mailako liderra Cantolagua izan da (70 puntu), Amigó bigarrena (52 puntu), Oberena hirugarrena (52 puntu) eta Altsasu laugarrena (51 puntu). Puntu bateko aldeagatik ez dira Liga Nazionalerako sailkatu. Hala ere, berriro ere primerako denboraldia egin dute altsasuarrek eta lerro hauetatik gure zorionik beroenak bidali nahi dizkiegu.