Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Legegintzaldiaren erdialdera iritsi behar dugu aurki eta PSN Altsasuko Udalean zinegotzirik gabe dago. 2011ko udal hauteskundeetan bi zinegotzi postu lortu zituen. Baina joan den urteko ilbeltzaz geroztik bi aulkietatik bat hutsik zegoen Maria Jose Notario zerrenda-buruak dimisioa eman zuenetik. Javier Donlo zinegotziak bere karguan segitu zuen, baina azaroan gaixotasunagatik baja eskatu zuen. Atzo, azkenik, udal ardurak uztea erabaki zuen.Altsasuko Talde Sozialistako idazkari Juan Miguel Perez Hurtadok esan digunez, gaur PSNko antolakuntza idazkariarekin hitz egin du eta heldu den astean gaiaz hitz egiteko elkartuko dira. "Garbi dagoena da orain ez dugula udalean". Eta sozialisten presentziak erabakiak batera edo bestera egitea ekar dezake, izan ere, Bilduk 4 zinegotzi ditu, NaBaik 3 eta Aralarrek, IUk, UPNk eta PPk bana. Notariok utzi zuenean sozialista altsasuarrek Iruñeko zuzendaritza estutu zuten hura ordezkatzeko. Baina alferrik izan zen. Altsasu eta Iruñeko sozialisten arteko gaizki ulertuak hauteskundeen zerrenda osatzerakoan sortu ziren. Nafarroako zuzendaritzak Altsasun prestatutako zerrenda atzera bota zuen, endogamikoa zelako, besteak beste. Sozialista altsasuarren kritikak piztu zituen erabakiak. PSNk sekula Altsasun lortu duen emaitzarik txarrena lortu zuen gainera.