Gutizi txikiak tabernetan dastagai

Guaixe 2013ko maiatzaren 16a

Xurrut, Altsasuko tabernen elkarteak pintxo astea antolatu du. Dozena erdi tabernek beste horren beste pintxo berezi prestatu dituzte egun hauetarako. Miniaturazko sukaldaritza elaboratua, kalitatezko produktuekin egina, eskainiko dute Xurruteko kideek Pintxo Astean. Gainera, gutizia txikitxo horietako bat dastatzen duenak zuzeneko sariak lortzeko aukera izanen du: afariak, edariak eta beste. Gainera, pilotako txapelketako finalerako bi sarrera zozketatuko dituzte.Sei pintxoak Urtzin muskuiluz betetako tututxoa, zainzuri apar eta orburu txiparekin dastatzeko aukera izanen da. Lurrazpin pintxo beganoa sortu dute: Borraja tenpura kurruskaria kanela eta azukre beltzez glaseatuta, algarrobo krema, meda eta laranjondo-lore saltsa eta txokolate, bainila eta yogur izozkiekin. Xumek barazkitxoak bakailao, patata eta tomate mermeladaz lagunduta eskainiko ditu. Koxkak, berriz, bere bezeroei barazki eta perretxiko tartaleta gainean iberikoko presa milorria eskainiko die. Gautxorik triptiko bat eskainiko die bere bezeroei plater berean. Alde batetik, dilista gorrien krema curry eta urdaiazpiko kurruskariarekin. Bestetik, foie yogurta Pedro Ximenez gelatinarekin eta, azkenik, txokolateen trufa sorpresarekin. Arkangoako pintxoak Sakanako zenbait herritan hilabete hasieran zutitu diren maiatzaren itxura du. Ogizko zuhaitzaren oinean txahal isatsa barazki eta txokolate mingotseko saltsan dago. Guztia panadera patata, indaba berde, foie bloka eta porru-ernamuinez lagunduta.