Festak iragartzeko irudi bila Altsasun

Guaixe 2013ko maiatzaren 16a

Aurtengo festak iragarriko dituzten kartelak aukeratzeko lehiaketa antolatu du Udaleko Kultura Sailak. Aurkezten diren lan guztiek Altsasuko Festak 2013 Fiestas de Alsasua 2013 leloa izan beharko dute, bai haurren bai helduen mailan. Txikienen maila Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntza eta DBH 1. eta 2. mailako ikasleei zuzenduta dago. Lanaren tamaina A3 bertikala izan behar du, ahal bada kartulinan. Materialei dagokienez, edozein erabil daiteke. Lanak garagarrilaren18ko eguerdiko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira. Haiekin batera gutunazal batean egilearen berri ematen duten datuak (izen-abizenak, adina, helbidea, telefonoa, ikastetxea eta ikasmaila) eta kontakturako bideak eman beharko dituzte parte-hartzaileek. Epaimahaiak sari bakarra emanen du: marrazketako materiala eta 60 euro eskudirutan.Helduen mailan parte-hartzaile bakoitzak bi lan aurkez ditzake gehienez ere. Guztiak ere orijinalak. Sortzaileek euren lana egiteko edozein teknika erabil dezake, baina beti ere A3 edo 70 cm luzerako eta 50 cm zabalerako neurrian. Lanak euskarri gogor batean aurkeztu behar dira, garilaren 16ko 14:00ak baino lehen eta plika sistema erabiliko da. Udalak izendatutako epaimahaiak hiru kartel finalistak aukeratuko ditu eta garilaren 19tik 31ra herri galdeketa eginen da, festak iragartzeko kartela aukeratzeko. Bere egileak 600 euro eskuratuko ditu.