Udalak arlo guztietan eskaintza zabala egin du

Guaixe 2013ko maiatzaren 16a

Udako kirol, udan bateratuz, gazteria, musika eskola eta kirol eskoletan izena emateko epea astelehenean zabalduko da. 012 telefonoaren, www.alsasua.net eta kirol zerbitzuan eman daiteke izenaAltsasuk duen jarduera aberatsa herritarren esku jarri du udalak, bateratuta. Horretarako, Altsasuko Udalaren sail ezberdinen eskaintza guztiak koordinatu eta elkartu dituzte, adin eta gustu guztietarako eskaintza zabala etxeetara banatu den liburuxka batean bilduz. Halaxe azaldu zuen aurkezpenean Ruben Imaz zinegotziak. Udako jarduerak aparte, Altsasuko Udalaren gainontzeko jarduerak lastailaren 1etik maiatzaren 31ra arte izanen dira, kirol eskolekin adostuta. Hala ere, Imazek herritarrak matrikularen ezeztatzearen inguruan ohartarazi zituen: "lastailaren 15a baino lehen ez bada baja ematen matrikula guztia kobratuko da". Kuotak, bestalde, bi zatitan ordaindu beharko dira, bata irailean, azaroan bestea. Horretarako 012ra hots egin eta bankuko txartelaren zenbakia eman beharko da.Inor kanpoan ez gelditzekoEskaintza bateratzearekin batera, udalak errentaren arabera zerbitzu horiengatik ordaintzeko lau tarte finkatu ditu. Imazek esan zuenez, "beste herri batzuetan esperientzia positiboa izan da, baita Txirinbulo haur eskolan ere". Udalaren eskaintza altsasuar guztien eskura egotea nahi dute horrela. Neurriak teknikarien eta udalbatzaren aho-bateko adostasuna duela azpimarratu zuen. Adostutakoaren arabera 4.000 euro arteko errenta dutenak egungo matrikulan %40ko hobaria izanen dute. 7.500 euro arteko errenta duten familiendako %20 hobaria aurreikusi da. 7.500 eta 15.000 euro bitarteko errenta dutenak egun ordaintzen dutena ordainduko dute. 15.000 eurotik gorakoei, berriz, matrikula %25 igoko zaie. Hobariak baliatu nahi dutenek garilaren 1etik 19ra errenta aitorpenaren fotokopia eraman beharko dute kirol bulegoan. Dokumentazioa aurkezten ez dutenei azken tartea aplikatuko zaie. 1.630 bazkideAtabok maiatzean zituen bazkideak. Agorrilean 1.758 ziren. "Sakanako egoera ikusita jendea etortzen segitzea positiboki" baloratu zuen Asun Fernandez de Garaialdek, Ataboko buruak. Joan den Ataboko jardueretan 654 pertsonek izena eman zutela jakinarazi zuen. Aurreko urtean bezala, Atabkoko bazkideek Dantzalekuko igerilekua dohainik erabiltzeko aukera izanen dutela eta udako jardueretan hobariak izanen dituztela gaineratu zuen. "Lanean jarraituko dugu gero eta jarduera gehiago eskaintzeko", azaldu zuen Fernandez de Garaialdek. Aurreratu zuenez, osasuna eta kirola lantzen duen egitasmoa dute buruan. Azkenik, Ataboko bazkideei eskerrak eman zien. Horrekin batera, bazkide egiteko kanpaina martxan dagoela gogorarazi zuen. Udan bateratuz programaIzendapen hori hartu dute orain arte egiten ziren hainbat jarduera. Jaione Iraola berdintasun teknikariak azaldu zuenez, lana, familia eta bizitza pertsonalaren bateragarritasuna errazteko asmoz prestatu dute programa. Kangu ludotekarekin batera, ingurune atsegin bat eskaini eta euskararen erabilera bulkatzea du helburu Udan bateratuz programazioak. 3 eta 12 urte duten haurrez arduratzeko garagarrilaren 21ean eta 24tik 28ra haurrek ludotekan primeran pasatzeko aukera izanen dute. Goizeko ordutegia izanen du. Garilean eta agorrilean (bi hamabostalditan banatuta) adin tarte horretako haurrendako Udan Euskaraz izanen da. Kirolanitza jardueran izena eman duten haurrek aukera izanen dute bi jarduerak koordinatzeko. Gainera, garilean 12 eta 35 urte arteko ezgaitasuna duten pertsonendako eskaintza ere badu udalak. Jarduera horietan familia bateko bi kide baino gehiago ariko badira hobariak eskuratzeko aukera izanen da. Baina horretarako udaletxean eskaera aurkeztu beharko da. Musika ikasketakAltsasuko Musika eta Dantza Eskolan ikasketa ofizialekin batera, ikasketa adar ez ofiziala sortu da. Hainabt herritarren eskaerari erantzunez sortu da eskaintza berria. Horren arabera, 16 urtetik gorako interesatuek izena emateko aukera izanen dute. Txistua, gaita, alboka, eskusoinua, trikitixa, klarinetea, biolina, gitarra, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa, tronboia, bonbardinoa, tuba, saxofoia edo zeharkako txirula ikasteko aukera izanen da. Udako kirol jarduerak16 urtera arte: igeriketa intentsiboa, arku jaurtiketa, kirol-anitza, gaur egungo dantzak, multiabentura eta igeriketa. 16 urtetik gora: Arku jaurtiketa, aquagym, aquagym leuna, igeriketa (hastapena eta aurreratua), indoor zikloa, soinketa leuna, sabel dantza, aero dance eta futbol 7 txapelketa. Gazteria zerbitzua udanBatukada (5 euro), gorputz espresioa (10 euro), orientazioa naturan, Ur festa goxoa, udako gaua izarrekin eta udako zineman izozki banaketa. Kirol eskolen eskaintzaYoseikan budo, taekwondo, gimnasia erritmikoa, saskibaloia, areto futbola, futbol 7, zelai futbola, atletismoa, pilota, tenisa, irristaketa eta multikirola.