Ikasleen lanak ikusgai

Guaixe 2013ko maiatzaren 27a

Itziar Nazabalek bere arte eskolan dituen 60 bat ikasleak egin dituzten lanak jendaurrean erakustera animatu ditu. Eta, halaxe, haur zein heldu (erdi eta erdi), Iortian teknika ugaritako margolanak ikusteko aukera izanen da asteartetik aurrera. 3 urtetik gorako sortzaileek denetariko teknikak eta estiloak erabili dituzte haien lanak ontzeko, Nazabal "ahalik eta gauza gehien irakasten saiatzen" baita. Altsasuko margolariekin batera, Uharte Arakil, Arbizu, Etxarri Aranatz, Iturmendi eta Olatzagutiko ikasleek ere erakutsiko dituzte haien lanak. Irakasleak guztien hobekuntza ikusten du eta horrek "asko betetzen du". Gainera, batzuk txikitatik bere ondoan hazten ikusi ditu, eta lagun bihurtu dira. Profesionalki eta pertsonalki jasotako "fruitu polit horiekin" pozik dago Nazabal.