Ospak errepresioarekin bukatzeko batzordea sortzea eskatu dio udalari

Guaixe 2013ko maiatzaren 29a

Ospa mugimenduko kideek Altsasuko alderdi politiko guztiei dei egin diete "erantzukizunez joka dezaten eta batzorde berri horren sorrera bultza dezaten". Altsasun errepresioarekin bukatzeko helburu lukeen batzordea sortzea proposatu du, "kontrakoa gorputz polizial hauen jokabidea babestea eta onartzea litzateke". Horrekin batera, Ospako kideek altsasuarrei gaur 19:00etan izanen den bilkurara joateko deia egin diete. Altsasuko Udalak 2011ko martxoan gorputz polizialek herrian egindako jarduera "errepresiboak argitu eta horiekin bukatzeko udal batzordea" sortzeko konpromisoa hartu zuen. Ordutik, Ospakoek makina hainbat mozio aurkeztu dituzte eta udalak berak irailaren 1ean polizia ezberdinen salbuespen egoerarekin bukatzeko eskatuz prentsaurrekoa eman zuen. Errepresioaren mugimendutik azaldu dutenez, orain arte egin diren bilera "informalak ez dira nahikoa". Hilaren 22an egindakoan udalean ordezkatuta dauden sei alderdietatik, soilik, Bildu eta NaBai agertu zirela. "Erantzun eskasak izugarri harritu gintuen, are gehiago, azaldu nahi genizkien gertakari larriak ikusita".Azken gertakariakOstiralean greba orokorraren berri emateko gazteek kanpaldia egin zuten plazan. Guardia Civileko bi patrulla sartu ziren eta hiru gazte identifikatu zituzten, "gero salatu ahal izateko". Hainbati kuartelera igotzeko mehatxua ere egin zieten. Horretaz gain, zenbait altsasuarrek "jasotako salaketa gogorrak, Edurne Martinezek eta Eider Altzelaik epaitegietatik jasotako zitazioak, eguneroko kontrolak, tabernetan egindako probokazioa eta beste aztertu nahi dituzte batzordean.