Sexu erasoen kaleko salaketa

Guaixe 2013ko ekainaren 6a

Altsasuko Feministak eta Bilgune Feministak deituta atzo 30 bat pertsonak ordu laurdeneko elkarretaratzea egin zuten Altsasuko udaletxe parean. Aurreko astean Laudion eraildako emakumearekin gertatutakoa salatzera atera baziren kalera, atzokoan Bilbon gizon batek eraildako bi emakumeak izan zituzten gogoan. Feministek salatu zutenez, "indarkeria sexista emakume izategatik jasaten dugun indarkeria da; emakumeon bizitzak ez du berdin balio bizi garen sistema sexista, klasista eta arrazista honetan". Ziurtatu zutenez, emakume izate hutsaz gain "jatorriak, azalaren koloreak eta gizarte mailak indarkeria jasateko aukera are gehiago larriagotzen du". Eta gogorarazi zuten Bilbon eraildakoak emakume etorkinak, beltzak eta sexu langileak zirela. Sexu indarkeriak milaka aurpegi dituela nabarmendu zuten. "Bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da, botere harremanak bizirauteko". Feministek adierazi zutenez, sexu indarkeriak "lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du". Halako gertakariren bat gertatzen den bakoitzean hurrengo egunean, 19:00etan kontzentrazioetan parte hartzera deitzen dute. Atzokoa Guardia Zibilak gertutik zaindu zuen. Sexu erasoa jasaten duten eta genero indarkeria egoeran dauden emakumeendako aholkuak:- Erasoa gertatzear bada: ahal izanez gero, berehala Poliziari deitu. Foruzaingoaren larrialdi zenbakia 112 da.- Erasoa edo saiakera gertatuz gero: konfiantzazko norbaiti kontatu gertatutakoa eta laguntza eskatu.- Gertuen dagoen osasun etxera joan eta gertatutakoa azaldu, zauriak eduki edo ez edukita ere. Ez zaitez garbitu ezta arropa aldatu ere. Medikuaren errekonozimendua eta txostena eskatu, txostena oso garrantzitsua baita salaketa jartzeko orduan.- Salaketa jarri nahiez gero, poliziarengana jo eta Emakumeendako Asistentzia Juridiko Zerbitzuko (SAM) abokatua eta zaintzako psikologoa etor daitezen eskatu.- Udaletako gizarte zerbitzuetan eta berdintasunerako zerbitzuetan laguntza psikologikoa, juridikoa eta bestelako baliabideak eska ditzakete genero indarkeria egoeran dauden emakumeek.- Babesa behar izanez gero: eskatu babes agindua polizia etxean, auzitegian edo gizarte zerbitzuetan.-Informazio gehiago: eguneko 24 ordutan eskura dago 016 doako telefono zenbakia, Espainiako Gobernuak biktimen arretarako jarritako telefonoa. Deiak ez du arrastorik uzten telefono fakturan.