Lazaro Echeverriatik Nafarroako Parlamentura, oinez

Guaixe 2013ko ekainaren 11

Bihar abiatuko den martxarekin gobernuari esku hartzeko eskatu nahi diote. Langileak 98 egun egin dituzte mugagabeko grebanHiru hilabeteko grebaren ondoren, langileak diote ez dutela aukerarik izan kudeatzailearekin eseri eta iritziak trukatzeko ere. Horregatik, haien egoeraren berri Nafarroako Parlamentuan eman nahi dute eta hark Nafarroako Gobernuari lan gatazkaren konponketan esku har dezala eskatuko dio. Eskaera oinez eramanen dute Iruñera. Bihar, 9:00etan, langileen bi adar Lazaro Echeverriako bulegoetatik eta harrobitik abiatuko dira. 10:00etan Altsasuko udaletxean elkartuko dira. Han udala osatzen duten taldeen babesa jasotzea espero dute. Eta bultzada horren ondoren, bideari ekinen diote. Bihar Lakuntzara arteko bidea eginen dute Lazaro Echeverriakoek, hara 13:30ak aldera iritsiko dira. Etzi, mugagabeko grebak 100 egun betetzen dituenean, martxa 8:00etan Lakuntzatik abiatuko da Sarasa arte joanen dira. Baina bidean, eguerdian, geldialdia eginen dute Inasako langileekin egon eta elkartasuna adierazteko. Azken etapa etzidamu eginen dute Sarasa (7:30ean abiatu) eta Nafarroako Parlamentuaren artean. Hara eguerdian iritsi eta  alderdiekin harremanak mantenduko dituzte. Lazaro Echeverriako langileek gonbitea luzatu diete sakandarrei haien martxara batzeko.