Gari Altsasun, Berriaren 10. urteurrena ospatzeko

Guaixe 2013ko ekainaren 7a

Ez da amaiera (Elkar) izenburua du Garik martxoaren hasieran karrikaratu duen diskoa, bere bakarkako ibilbidean ekoizten duen zazpigarrena. Altsasun Migel Moyano gitarra-jolearekin batera ariko da Gari, bere ahots beroa gidari. Biek defendatuko dute azken lana. Etxean kantuen zirriborroa harilkatu eta estudioan ondu eta borobildu zituen Garik. Kantuek hari bati baino gehiagori jarraitzen diote eta hainbat musikariren erreferentziak bildu ditu. Letrak, berriz, hainbat euskal idazlerenak dira. Kantariak adierazi izan du inoiz baino askeago dabilela. Berria-k 10 urteHilaren 21ean eginen ditu 10 urte Berria egunkariak. Euskaldunon Egunkaria itxi berri zutela, erronka argi bat zuten: euskal egunkari bat abian jartzea. Milaka lagunek bat egin zuten proiektuarekin. Gerora ere handia izan da komunitatearen bultzada. Ezinbestekoa. 14.000 Berrialagunen sarea du egun Berriak. Urteurrenaren harira, hainbat ospakizun antolatu ditu Berria Taldeak, proiektuaren atzean dagoen komunitatearekin egon eta urte hauetan guztietan emaniko laguntza eskertzeko. Egitarau horren barruan kokatzen da legazpiarraren biharko emanaldia. Kontzertuaren aurretik Berria Taldeko ordezkari batek hitz eginen du, Berria zertan den azaltzeko. Segituan hamar urte hauetan Berriak bizitakoa biltzen duen bideo bat ikusteko aukera izanen da, Lorea Agirre kazetariak, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Harkaitz Cano idazleak egindakoa. Ondoren aterako da eszenatokira Gari. Mank-en eta Altsasuko Udalaren laguntzaz antolatu da kontzertua. Eta On Egin!  Gariren musikarekin gozatu eta gero, afari eder bat dastatzeko aukera izanen da. Altssuko Jatetxeen, Altsasuko Udalaren eta Bierrik Fundazioaren arteko elkarlanaren ondorioz sortu den On Egin egitasmoak horretarako aukera ematen baitu. Izan ere, kontzertura joaten diren ikusleak sarrera erakuste hutsarekin %15eko deskontua izanen dute Biltoki, Basamutur, Arkangoa, Irubide, Iruñabide, Il Padrino edota Kaixo jatetxeetan afaltzerakoan. Kontzertura sartzerakoan jatetxe bakoitzaren eskaintzaren berri zehatza ematen duen esku-orria banatuko da.On Egin egitasmoa Altsasuko Antzerki Amateur Zikloarekin batera jarri zen martxan maiatzaren 11n. Hiru larunbatetan antzerkiaz eta mantel ederraz gozatzeko aukera eman zuen. Egitasmoaren eskaintza biharko emanaldiarekin despedituko da. On Egin egitasmoarek kultura etagastronomia lotuz, tokiko ekonomia mugitzeko asmoa du.