484 biker blai eginda Altsasun

Guaixe 2013ko ekainaren 11

Euria eta euria. Ez zegoen giro, baina hala ere 484 biker animatu ziren Burunda Txirrindularitza Klubeko BTT sailak antolatutako 18. Altsasu BTT edo Mendi Txirrindularitza Zeharkaldian aritzera. Aurrez 425 txirrindulari zeuden izena emanda, eta horietatik batzuk huts egin zuten. Baina egunean bertan 60 agertu ziren inskripzioa betetzeko prest eta azkenean, 484k hartu zuten irteera. Eguraldiagatik ibilbidean aldaketakBTT martxako arduradun Julian Claverrek adierazi zigunez, 43 km-ko ibilbidea antolatu zuten, tartean 11 km berri, Ziordia eta Olaztiko mugan. Baina etengabeko eurien ondorioz lohi asko pilatu zen eremu askotan, eta, horregatik antolakuntzak ibilbidean aldaketak egin behar izan zituen. Horrela, aurtengo nobedadea zen Dorretxikiko igoera bertan behera geratu zen, eta Sorozarretara joateko Ulaiargo pista erabili behar izan zen. Eta Basoitxin ere aldaketak egin zituzten. Horretaz gain, Orobera joateko Sorozarreta zubitik pasa behar izan ziren txirrindulariek eta hala egin zuten, baina buelta zubi beretik egin behar zen eta Altzania ibaia ateratzear zegoenez, beste ibilbide bat prestatu zuen antolakuntzak. Horrela, azkenean 35 km inguruko ibilbidea osatu behar izan zuten. Azkarrenek bi ordu baino gutxiagotan osatu zuten. Indarrak berreskuratzeko 2 hornidura gune prestatu zituzten antolatzaileek. Txirrindulari guztiek kamiseta teknikoa eta produktu lotea jaso zituzten, eta bizikletarekin lotutako materiala zozketatu zen. Eguraldi txarrari aurpegi ona jarrita, txirrindulariek asko gozatu zutela aitortu zuten helmugan. Eta antolakuntzak ere balorazio positiboa egin zuen. Iaz 878 biker aritu ziren eta 2006an 1.312, kopuru altuena. Normalean 1.000ren bueltan aritzen dira eta ea hurrengo urtean eguraldiak kopuru hori berreskuratzen laguntzen duen.