Lazaro Echeverriako langileak martxan

Guaixe 2013ko ekainaren 14a

Lazaro Echeverriako langileek mugagabeko grebako 101. eguna euren aldarrikapenak Iruñera eramanez bukatuko dute. Kaleratutako sei langileak berriro hartu edo baldintza duinetan kaleratuak izatea eskatzen dute. Eta horrekin batera, enpresarako lan hitzarmen duin bat. Enpresak dituen Altsasu eta Ziordiko lantokien sarreran eta Altsasuko azokako protestak utzi eta sakandarrei euren egoeraren berri emateko Iruñerarako martxari ekin zioten herenegun. Atzo eguerdian Inasako langileekin bat egin zuten eta gaur eguerdian ELAko delegatuek harrera eginen diete. Nafarroako Parlamentuko presidentearekin hitz egiteko eskaera egina dute eta espero dute alderdien ordezkariekin elkartu eta haien egoeraren berri emateko aukera izanen dutela. Langileak abiatu aurretik, Altsasuko Udaleko Bildu, GeroaBai eta IUko zinegotziei haien egoeraren berri eman zieten. Salatu zuten haiek negoziatzeko prest daudela, greba hasi bezperan euren proposamena aurkeztu ziotela zuzendaritzari, gutun bidez ere saiatu direla euren negoziaziorako prestutasuna azaltzen, "baina zuzendaritzaren aldetik ez da inolako pausurik eman. Ez dute borondaterik". Eta diruagatik ez dela nabarmendu dute. Langileek azaldu dutenez, grebak iraun duen bitartean harri-lubetetarako 20.000 tona atera dira, eta 80.000 tonako lana hartu dute.