Bar Koxka seigarrena Areto Futboleko Elkarte Nazionaleko Kluben Arteko Txapelketa

Guaixe 2013ko ekainaren 26a

Estatuko Areto Futboleko Elkarte Nazionalak (ANFS) Espainiako Kluben Arteko Areto Futbol Txapelketa antolatu du. Bertan afizionatuen mailako taldeak lehiatu dira. Altsasuko Bar Koxka taldeak aipatu txapelketarako aurretikoa jokatu zuen Miranda de Ebron, Arabako, Nafarroako eta Errioxako taldeekin batera. Bikain aritu ziren altsasuarrak, txapelketa irabaziz, eta aurreko asteburuan Ciudad Realgo Valdepeñasen jokatutako Espainiako Kluben Arteko Areto Futbol Txapelketan aritzeko txartela lortu zuen. 21 talde lehiatu ziren Valdepeñasen, aurretiakoetan gailendu ziren taldeak, hain zuzen. Larunbatean hainbat multzotan banatu zituzten taldeak eta Bar Koxkak Masegosa Frutas de Bolaños (Ciudad Real) taldea izan zuen aurkari. Nahiz eta 0-2 galtzen egon, altsasuarrek markagailua irauli eta izugarri sufrituz 4-2 gailendu ziren, Jorge (2), Medina eta Raul Ericeren golei esker. Eta bigarren lehian 3-0 irabazi zieten Café del Salón de Salamancari, partida bikaina jokatu eta gero. Horrela, igandean jokatutako bukaerako fasera sailkatu zen Bar Koxka. Final laurdenetan Alcala de Henareseko El Deca klubaren kontra aritzea tokatu zitzaion Bar Koxkari. Oso partida gogorra izan zen eta bi taldeak parez-pare aritu ziren. Partida bukatzeko 7 minuturen faltan gola sartu zuen El Decak. Bar Koxkak berdintzeko aukera izan zuen, baina hiru jokaldik zurtoinean bukatu zuten eta zortea ez zuen alde izan Altsasuko taldeak. Minutu baten faltan 2-0koa sartu zuen El Decak. "El Deca taldearen jokoa zikina izan zen sarritan, arbitroen babesarekin. Guk partida irabazi ahal izan genuen, baina zortea ez genuen alde izan. Hala ere txapelketan 6.ak izan gara eta hori lorpren handia da guretzat. Taldekide guztiei zorionik beroenak eman nahi dizkiet, egindako lanarengatik" adierazi du Jose Ramon taldekideak. www.anfs.esTxapelketako informazio guztia.