Azken hamarkadetako errepresio gertaerak bilduko ditu AltsasuMemoriak

Guaixe 2013ko ekainaren 27a

Gazte batzuen kezkatik sortu da talde berria. Altsasun bizi izandako gertaera errepresiboak biltzeko beharra sumatu zuten. 1936ko estatu golpearen ondorengo gertaerak jaso zituztenengana jo zuten eta, hala, gazteek eta helduek eratu dute AltsasuMemoria. Guztien artean dokumentazio, datu eta kontakizun bilketa hasi dute, "Altsasuk bere benetako memoria ezagutzeko ezinbestekoa baita". Taldeak parte-hartzeari ateak zabaldu dizkiote eta nahi duen guztiarendako ateak zabalik dituzte. Bildutakoa ondoren hainbat eratara argitaratuko dute. Talde sortu berriko kideak estatu kolpearen inguruko datu ugari daudenez (ondorioak, langile bataioiak...), 1975etik gaur egun arteko aldian zentratuko dira. "Gertaera errepresioekin batera, dokumentazio kronologikoa osatuko da, hamarkada bakoitzean zeuden gertaera politiko eta kulturalekin, txosten hutsetik harago, Altsasu bera bezain bizia den zerbait". Politika, gizarte, kultura eta hizkuntza arloetan izandako errepresio gertaerei erreparatuko diete taldekideek. HelburuakOstiralean azaldu zutenez, "herri gisa duen nortasuna ezabatzeko, Euskal Herriko gainontzeko herrien modura Altsasuk Espainia eta Frantziako estatuen errepresio gogorra jasan du". Gehitu zutenez, "Errepresio ekintzen bidez lan politikoan inolako esku-hartzerik ezin dugu onartu herri libre bat eraiki nahi badugu". Bestalde, "biktimen gehiengo bat anulatzeko" erakunde ofizialek, zenbait erakunde politikok eta hedabidek errepresioaren arlo ugariak ezabatzen eta desitxuratzen saiatu zirela salatu zuten. Adierazi zutenez, "herriak pairatu duena ezagutu beharra du, etorkizunari ilusioz begiratzeko". Eta benetako arduradunak zigorgabe gelditzea saihestu nahi lukete. HarremanetarakoTaldeak aurki web orria izanen badu ere, bitarteak Iosu Imaz Primekin jarri daitezke harremanetan interesatuak.