Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bihar altsasuar askorendako egun handia dena ospatuko da eta, atzera ere, San Pedro ermita ingurura hurbilduko dira. 10:00etarako abiatuko da udalbatza txistulariekin batera. 10:45erako iragarri dute auzatea eta aurreneko zortzikoak. Jendeak gosaldu bitartean bazkarirako zer prestatu, hura atontzen hasiko dira. Mahaira 14:30ean eseriko dira altsasuarrak. Ohi bezala, zelaian barnako udalbatzaren agurraren ondoren, alkate eta zinegotziek hala nahi duten guztiei puruak banatuko dizkiete. Egiteko hori despeditu ondoren alkateak aurreneko zortzikoa dantzatuko du. Eta izanen dira gehiago. Arratsak aurrera egin ahala festa giroa basotik herrira lekualdatuko da. 20:00etatik 21:45era eta 24:00etatik 3:00etara Erromeria.com-ekin dantzaldia izanen da. Eta tartean Haize Berriak bandako kontzertua eskainiko du. Udalaren oharrakNatur gunea bere horretan mantentzeko denen laguntza ezinbestekoa denez, zaborrontziak erabiltzea eskatu du. Suak partekatzeko aholkua eman du udalak. Eta gogorarazi du zuhaitz txikien ondoan ezin dela surik piztu. Aldi berean, komun publikoak ere jarriko ditu eta haiek txukun erabiltzea eskatu du. Zabor gutxiago sortzeko barretan edalontzi birziklatuak erabiliko dituzte. Arduraz kontsumitzeko aholkua eman du udalak. Ibilgailuendako zelairako bidea 10:30ean itxiko da; ordutik aurrera Urdiaindik joan beharko da zelaira. Bestalde, udal igerilekuetan eta futbol zelaian aparkatzeko aukera izanen da. Errepide bazterrean debekatuta dago aparkatzea. Eguraldiak lagunduko ez balu erromeria Burunda frontoira lekualdatuko litzateke. Etxeko eta familiako ardurak denen artean partekatzeko ere eskatu du udalak.