Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasun martxan jarriko diren auzo-konposteko ekimenen alde eginen du. Horretarako Sakanako Mankomunitatearekin ariko da elkarlanean udala. Bi erakundeetako teknikariek eta ordezkariek kokapen egokiena aztertu ondoren, auzo konpostagailuak ezartzeko lurra erabiltzeko baimena ahalik eta tramite gutxienekin, arin emanen dio udalak Mank-i. Auzo-konpostagailuak jarri, mantendu eta kontrolatzeko ardura Mank-en ardura izanen da. Altsasuko Udalak hala erabaki zuen azken bilkuran. Bilduk eta Aralarrek aurkeztu zuten mozioa. NaBaik beste bat aurkeztu zuen aurrekoen mozioari zenbait zehaztapen eginez eta hirugarren puntu bat gehituz. NaBairen mozioko aurreneko bi puntuak Bildu eta Aralarren aldeko bozekin eta NaBairen, PSNren, UPNren eta IUren abstentzioarekin onartu ziren.Bozketaren emaitza alderantzizkoa izan zen NaBaik proposatutako hirugarren puntuan. "Aurreko akordioak onartu dira boluntarioki auzo-konposta egitea eskatzen duten altsasuarrek egin ahal izateko, herrian hondakinak kudeatzeko ezarriko den sistemaz aparte". Sistema aukeratzeko informazio kanpainak eta herri galdeketa egitea eskatu zuten NaBaik, PSN-ek, UPN-ek eta IU-k. Bilduk eta Aralarrek abstenitzeko argudiatu zuten, soilik auzo-konpostari buruzko mozioa zela eta herri galdeketarena udalak dagoeneko onartua zuela.