Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Agorriletik aurrera Basoitxi eta Usolarrain artean, basoan lasai asko ibiltzeko aukera izanen da. Altsasuko Udalak bi dermio horietan San Pedro Zelairekin lotuko dituen ibilbide borobila osatuko baitu. Horretarako, Usolarrain, Etxarte eta San Pedroko erreka zeharkatzen duen bidea prestatuko du. Bidearen aurreneko zatia, Basoitxin barna Dantzaleku eta San Pedro Zelai lotzen dituena, 2009ko uda akaberarako erabilgarri zegoen. Dantzaleku izanen da irteera eta helmuga. Bide borobilaren azken zatia egiteko Coyser enpresak lanak hilaren 10ean hasi zituen. Lanek 9.890,02 euroko aurrekontua dute. Kilometro bat luze eta 1,5 metro zabal izanen du zati berriak. Ofitaz egina izanen da. Gainera, zubi bat ere egin beharko da San Pedroko erreka pasatzeko. Lastailean eta azaroan Auzolan Taldeak bide horren bazterrak garbitu zituen. Hariztiaren interpretazio bideaApirilaren 20an Altsasun basoaren interpretazio ibilaldia egin zen. Albaola elkarteko kideek gidatuta ontzigintzan erabiltzeko basoak nola kudeatzen ziren erakutsi zuten. Ibilaldi hartan sortu zen halako ibilbide bat sortzeko ideia. Ibilbide motza litzateke, Dantzalekura iritsi aurretik dagoen aldapan, ezkerretako bide batetik abiatuko litzateke eta Usolarrainen bukatuko litzateke. Bidean ontzigintzarako basoen kudeaketarako adibideak emanen lirateke zuhaitz jakinen bidez. Albaola elkarteak prestatuko luke proiektua eta eraikiko behar duen San Joan baleontziarekin lotura izanen luke. Bide horrekin Altsasuko Udalak Dantzaleku-Usolarrain aisialdi guneko eskaintza indartuko luke.