Joan den urteko udalaren soberakina 430.803,36 eurokoa da

Guaixe 2013ko uztailaren 25a

Zerga kontrolerako planak fruituak eman ditu. Hala jakinarazi zuten Garazi Urrestarazu alkateak eta Hasier Gonzalez ogasun zinegotziak. NaBaik proposatutako kontrol plan horren barruan lau zerga gainbegiratu ditu udalak: Ekonomia Jardueren gaineko Zerga (EJZ), Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga  (EIOZ), plusbalioak eta eremu publikoa erabiltzeagatik gas, telefono eta elektrizitate enpresa hornitzaileek ordaintzen duten tasa (herrian fakturatzen dutenaren %1,5). Sarrerak handituPlanaren ondorioz EJZren bidez jasotakoa %89 handitu da. Gonzalezek jakinarazi duenez, 2008tik eguneratu gabe zegoen zerga hori. "Kasu batzuetan igo egin da, besteetan jaitsi. Enpresei ordainketa zatika egiteko aukera eman diegu". EIOZ bidez jasotako dirua %93 handitu da. Horretarako, udalak 2008tik egin diren obra guztiak errebisatu ditu. Plusbalioak eta baso aprobetxamendutik sortutako diru sarrerak ere gora egin dute. Aurrekontuak zuhurtzia printzipioa kontuan hartuta egin zirela gogora ekarri zuen zinegotziak. Joan den urteko aurrekontuaren betetzeari dagokionez, aurreikusitako gastu arrunten %91,5 egin zela jakinarazi zuen Gonzalezek. "Ordainketak 30 egunera egiten dira, egunean ditugu". Gastu arruntaren %45 langileei ordaintzera bideratzen du udalak. Gonzalezek joan den urtean udalak egindako ahalegina nabarmendu du: langileei atzeratutako antzinatasuna ordaindu zitzaien, aldi baterako kontratatutako langileen egoera erregularizatu zen eta abenduko estraren ordezkoa ordaindu zitzaien langileei. Gastu arruntari eusteko ahalegin berezia egiten ari direla ere azpimarratu zuen.  ProposamenakBilduko kideek diru hori tokiko ekonomia aktibatzeko eta enplegua sustatzeko erabiltzea proposatu dute. "Altsasuko enpresak kontratatuz, herriari ahalik eta gehien itzultzea nahi dugu" esan zuen alkateak. Aurreikusitako lanen artean kale konponketak (Zubeztia) eta Zelandiko eskolako itxitura eta teilatua konpontzea dago. Espainiako Gobernuaren Aurrekontu Egonkortasun Legeak kontuak ongi dituzten udalei maileguak ordaintzea eta inbertsioak egitea besterik ez duela uzten gogorarazi eta kritikatu ondoren, toki erakundeek inbertsioak egiteko garaian autonomoak izan behar dutela aldarrikatu zuen.