Langileak enpresaren jabeak

Guaixe 2013ko uztailaren 25a

Erkuden Ruiz BarrosoComebar enpresa joan zen urtean hasi zen gaizki joaten. Lana jaitsi zen eta kontuak ez ziren garbiak. "Sorpresa handia izan zen, ez genuen espero", dio Imanol Urretabizkaia, Comebar enpresako langile ohia eta Curvados Alzaniako bazkidea. Enpresa hartzekodunen lehiaketan sartu zen. "Enpresariek haien nahietara begiratzen zituzten". Enpresa itxi zen, baina langileek aurrera jarraitzea erabaki zuten: "etxean langabezian ez gelditzeagatik enpresarekin jarraitzea erabaki genuen".Hartzekodunen lehiaketan sartu zenean langileak kontuak ikusteko aukera izan zuten. "Milioi erdiko zorra zuten eta enpresariek bizi maila berberarekin jarraitzen zuten. Ez genuen espero hain gaizki egotea". Salmentak, aldiz, "nahiko ongi" jarraitzen zuten; egoera eraman zuten modua izan zen arazoa Urretabizkaiaren iritziz. "Aurrera ateratzeko aukera zegoen; guk erakutsi dugu".Nafarroako Lan Enpresen Elkartearen (ANEL) laguntza izan zuten. Bilerak egin zituzten eta langileek enpresa berrirekitzea erabaki zuten. "Dudak sortzen dira; ongi edo gaizki aterako den pentsatzen duzu. Baina edo etxean gelditzen zara edo arriskatzen zara". Enpresaren jarduera, makinaria eta langileak berdinak dira; izena eta lantokia aldatu dira. Sei bazkide eta idazkaria daude. "Makinaria mantentzen lagundu ziguten, guri lehentasuna eman ziguten", azaldu du Urretabizkaiak. Langileek langabezia kapitalizatu zuten enpresa irekitzeko eta diru laguntza jaso dute enpresarekin jarraitzeagatik. Hortaz, enpresaren jabeak bihurtu ziren. Apirilaren 17an Curvados Alzania Lan Sozietate Mugatua ireki zuten. Langileen jarduna aldatu da ere. Enpresan metalezko kurbaturak eta aroztegia egiteaz gain, administrazio lanak egin behar dituzte ere. "Guretzako berria da hau. Lehen goikoari uzten zenion lan hori. Orain guk egin behar dugu. Joan zen urtean ikastaro bat egin nuen eta enpresak sortzeko ikasgaia nuen, ez nuen inoiz pentsatuko enpresa bat irekiko nuela eta urte batean bat ireki nuen. Bizitzak buelta asko ematen ditu". Etorkizuna "egoeraren arabera" ikusten dute, baina pixkanaka enpresarekin aurrera jarraitzen dute.