"Neurrigabeko okupazio militarra". Halaxe laburbiltzen zuten hainbat eta hainbat altsasuarrek larunbatean Guardia Zibilak herrian izan zuen presentzia handia. Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak, Carmen Albak, Ospa Eguneko ekitaldiak debekatu zituen, "legeak eskatu bezala, aldez aurretik komunikatuak izan ez direlako". Segurtasun indarren parodia egitekoa zela azaldu zuen Albak. Eta debekua betetzeko bidali zituen guardia zibil mordoa. Bertso-bazkaria izan zen debekatu ez zuen bakarra. Albak ostiralean Altsasuko Udalari jakinarazi zion debekuaren berri eta alkateari eskatu zion "dagozkion neurriak hartzeko udalerrian legedia bete dadin".Altsasuko Udaleko Errepresioaren kontrako batzordea ostiralean bildu zen (Bildu, NaBai, PSN eta IU-EB izan ziren). Ruben Imaz batzordeko buruak azaldu digunez, "Ospa Eguna udaleko beste organoetatik pasatu da eta inork ez du arazorik jarri. Festen aurreko programazioaren barruan dago eta inork ez zuen inolako arazorik ikusi". Udalean ez dute ulertu Albak zergatik egin duen "interpretazio okerra" eta ez zuen debekurako arrazoirik ikusi. Imazen arabera "erabaki dute hau bertan behera gelditu behar dela, bai ala bai". Imazek nabarmendu du larunbatekoa herri mugimenduak antolatutako programa zela, ez udalak. Udaleko Errepresioaren Aurkako Batzordeak lanean jarraituko duela gaineratu du Imazek: "erabakiak adostea nahi dugu. Ideia ezberdinak ditugu, baina errepresioak edozein herritarri egiten dio min eta udaletik erantzun behar dugu. Gutxienekoak adostu eta errepresio hau gelditzeko gaude". ZergatiaOspa mugimenduak larunbateko egitarauarekin "Altsasuk sufritzen duen errepresioa eta poliziek erabiltzen duten bortizkeria eta gehiegikeriekin bukatu beharra dagoela" adierazi nahi zuen. Horrekin batera, "indar okupatzaileek gure herritik alde egin dezatela" eskatu nahi zuten. "Egoera honekin bukatu" beharra aldarrikatu du Ospa mugimenduak, "gure herrian libre bizi ahal izateko, inongo indar polizial errepresiboren presiorik gabe". Aldarrikapen horiek biltzen dituen manifestua prestatu du mugimenduak altsasuarrek sina ditzaten. Gobernu ordezkariak manifestazioa eginen zela argudiatu zuen debekua emateko. Antolatzaileek kalejira zela argudiatu dute, aurreko bi urteetan egin izan den moduan. Albak interpretazio okerra egin duela nabarmendu dute. Eta gogora ekarri dute duela bi urte, Erregearen diskurtsoa ekitaldiarekin ez zela deliturik izan ebatzi zuela epaitegiak. Mugimenduak kartel bidez jakinarazi duenez, maiatza eta garila bitartean 119 kontrol (Guardia Zibilaren 89 eta Foruzaingoaren 30) izan dira Altsasun. Garagarrilean 52 kontrol izan ziren. Herrian mila herritarreko 9,2 polizia daudela nabarmendu du Ospak, "Nafarroako tasa hirukoiztuz eta Espainiako estatukoa ia seikoiztuz".Eguneko kronikaLarunbatean, 11:30ak aldera, Guardia Zibilaren bi ibilgailu plazan sartu ziren eta han zeuden kartel guztiak kendu zituzten. Ospa mugimenduak ordu baterako iragarria zuen manifestuaren eta fallen aurkezpena. Ordurako plazako sarrera-irteera guztietan 21 guardia zibil zeuden kokatuak, haietatik 15 GRSak (Grupos de Reserva y Seguridad). Lagun Onak elkartearen atzean 2 furgoneta handi, 3 txiki eta 6 patrol zeuden. Kalez jantzitako hainbat agente ere bazeuden. Gainera, herriko sarrera-irteeretan kontrolak izan ziren egunean zehar. Guardia Zibilak 13:05ean Ruben Imaz zinegotzia identifikatu zuen eta jakinarazi zioten debekatutako ekitaldiren bat egiten bazen, parte-hartzaileen kontra ekinen zutela. Edozein larunbat eguerdian bezala, jende ugari poteoan zebilen eta tabernetako terrazak beteak zeuden. Uniformatuak ez ziren isilik gelditu eta haur, gazte eta helduek haien esanak entzun behar izan zituzten egunean zehar, baina inork ez zien jaramonik egin. Guardia Zibil batek plazan zegoen jendea bideoz grabatzen aritu zen, baita jolasten zeuden umeak ere. Horrek haien gurasoen protestak sorrari zituen. Ruben Imaz, Juan Carlos Orellana eta Asun Fernandez de Garaialde zinegotziek mandoari jarrera horregatik kontu eskatu zioten. Aurretik agente bera, bazkarirako prestaketetan zegoen gazte baten ahoan berak esan ez zuen zerbait jartzen saiatu zen, baina lekuko ugariek halakorik ukatu zuten. Plazan egin zen bertso-bazkarian 200 altsasuarrek parte hartu zuten. Baimenduta bazegoen ere, Guardia Zibila ez zen plazatik joan. Ospa mugimenduak iragarritako mani-falla (18:30ean) eta fallaren erreketa (20:00etan) ez ziren egin. Baina bazkarian bildutako eta ondoren hurbildutako altsasuarrak arratsaldea zortzikoa, polkak eta euskal dantzak dantzatu zituzten, baita betiko jolasetan aritu ere, zapia eta bestelakoak. Altsasuar asko bildu ziren familia argazkia egiteko Errepresiorik ez, Alde Hemendik, utzi bakean Altsasu zioen pankartarekin. Hori ere ez zegoen debekatuta. 18:20tik 19:30era bitartean bi helikoptero ibili ziren Altsasu gainean bueltaka. 20:00etan 24 ziren plazan zeuden guardia zibilak. Haien zaintzapean egin zen larunbateko poteoa. Altsasuar talde handi bat triki-poteoan egon zen. Altsasura etorritako GRSak Iruñerako bidea hartu zuten 22:00ak pasatxo zirenean. Plazan 11 guardia gelditu ziren. Gauerdian 6 ziren. Atxiloketa1:45 aldera, plazan, gazte iturmendiar bat atxilotu zuen Guardia Zibilak. Atxiloketa ikusi eta berehala hurbildu zen jendea, bakarren bat agenteen bultzadaren bat ere jaso zuen, esaterako Asun Fernandez de Garaialde zinegotziak. 16 guardia zibil bildu ziren plazan atxilotutakoa eramateko. Plazan tabernetatik ateratako 300 bat pertsona elkartu ziren, gazteak gehienak. Guardiak plazako goxoki denda parean gelditu ziren eta haien artean aldeen artean distantzia mantendu nahian eta agenteak plazatik joateko negoziatzen goizeko hiru zinegotzi berak. 2:05ean gazte ugari guardia zibilen aurrean eseri eta alde hemendik, que se vayan eta bestelako leloak oihukatu zituzten. Plazako agenteekin eta hainbat telefono deiren ondoren, Guardia Zibilak plazatik ateratzea adostu zen. 3:00ak ziren.Bitartean alkatea eta herritar bat kuartelera joan ziren atxilotutakoaren berri jasotzeko. Abokatuak besterik ez zuen lortu harekin egotea. Igande goizean epailearen aurretik pasa eta aske gelditu zen gazte iturmendiarra. Bezperan eta atzoOspa Egunaren aurretik Guardia Zibilak ere kontrolak jarri zituen ostiralean. Patruilak gau guztian bueltaka ibili ziren Altsasun. 2:00ak eta 3:30ak aldera plazara sartu ziren ere. Azken aldian Zubeztia plazako garagardo azokako karpatik ateratzen ziren guztiei ez zieten plazara sartzen utzi, horretarako aginduak omen zituzten. Eliza inguratu behar izan zuten. Atzo, 10:00etan San Pedron kontrola zegoen eta arratsaldean herriko sarrera-irteeretan ere bazeuden kontrolak. Gainera, Foru plazan 8 guardia zibil izan ziren euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen duen iganderoko kontzentrazioaren aurretik eta ondoren. 23:00etan 4 zeuden oraindik plazan.