Espainiako Pista Txapelketak: Mazkiaran altsasuarraren urrea kilometroko proban

Guaixe 2013ko irailaren 10a

Asteburuan Espainiako Pista Txirrindularitza Txapelketa jokatu da Tafallako Migel Indurain belodromoan. Estatuko pistard onenak lehiatu dira, Hodei Mazkiaran altsasuarra (Eustrak-Euskadi) tartean. Mazkiaranen taldeak sekulako lana egin du eta txapelketako talde onena izan da, 9 domina lortu baititu, 5 urrezko, 2 zilarrezko eta 2 brontzezko. Tartean daude Hodei Mazkiaranek lortutako urrea eta brontzea. Balear Irlak izan da 2. talde onena, 9 dominekin (4 urrezko, 4 zilarrezko eta brontzezko 1) eta Reyno de Navarra 3.a, 13 dominekin (3 urrezko, 4 zilarrezko eta 6 brontzezko). Altsasuarrak uzta bikaina jaso du, osasun arazoak izan dituen arren. Hozturarekin ibili da altsasuarra. Horrela, abiadura proban ez zuen finalerdietarako sailkatzea lortu, baina kilometroko proban egoerari buelta eman zion. Lehena izan zen, primerako denbora eginez (1-03-840), Jose Moreno nafarraren aurretik (1-04-73). "Oso kontentu nago kilometroko proban egindako denborarekin. Hoztura dela eta ez nuen pentsatu horren ongi ibiliko nintzenik, eta azkenean uste baino sentsazio hobeagoak izan ditut" zioen altsasuarrak urrezko domina lortu eta gero. Keirin proban, ordea, hirugarrena sailkatu zen altsasuarra, Juan Peralta eta Sergio Aliaga nafarren atzetik.