Guardia Zibilaren Zuzendari Nagusi Arsenio Fernandez de Mesa atzo Altsasuko kuartelean izan zen. Han destinatuta dauden guardia zibilak pertsonalki zoriondu zituen "Ospa Eguneko festetan egindako lan bikainagatik, segurtasun indarren eta erakundeen kontrako zenbait ekitaldi eragotzi zituztelako". Fernandez de Mesak agenteak zoriondu zituen ere, "Guardia Zibila eta Foruzaingoa barregarri uzten zituzten fallak lokalizatzeagatik". Fernandez de Mesak agenteek egunerokoan egiten duten lanari bere, erakunde guztiaren eta Barne Ministerioaren babesa eman die. Guardia Zibilaren Zuzendari Nagusiak azaldu zuenez, Altsasuko kuarteletik 12 herritako 16.000 pertsonen segurtasuna bermatzen da eta nabarmendu zuen guardia zibilen jardunagatik aurten eskualdean krimen-kopurua %5 jaitsi dela. Joan den urtean, irailaren 5ean, Altsasuko kuartelean bisitan izan zen Fernandez de Mesa. Orduan ere Ospa Egunaren ondoren izan zen, Guardia Zibila herritik kanporatua zela parodiatu ondoren. Fernandez de Mesak bisita baliatu zuen ikusteko kuarteleko teilatua berritzeko lanak ia despedituta daudela. Joan zen urteko bisitan Zuzendari Nagusiak berak lan horiek egitea hitz eman zuen.