Protagonisten identitatearen bilaketa ardatz duen komedia

Guaixe 2013ko irailaren 6a

Bihar, larunbata, 20:00etan eta 22:30ean Terapias Altsasuko Iortia kultur gunean. Vaiven eta LaPavana konpainiakChristopher Durang Amerikako Estatu Batuetako dramaturgo entzutetsuaren Terapias lanarekin gozatzeko aukera izanen da bihar Altsasuko Iortia kultur gunean. Obrako zuzendari Rafael Calatayudek azaldu duenez, Durang-ek antzezlan horretan ardatza protagonisten identitatearen bilaketa da, baina "absurdoa egunerokotasunean islatuz". Bi dira protagonistak. "Topo eta ihes eginen dute psikiatren kontsultetan, edota jatetxe berezietan, bere onetik irtenda dabiltzan pertsonaiak dabiltza bertan, orain eta hemen ezagunak egingo zaizkigun pertsonaiak". Antzezlaneko pertsonaia bakoitza "oreka emozionala aurkitzen saiatzen da bere hauskortasunetik, eta ingurukoekin loturak sortzen hain mendeko ez izateko, baina bidean estropezu egiten dute baldarki". Denetariko egoerak daude: "beren sexu-identitatearen bila dabiltza, beren alter ego afektiboaren bila; gurpil zoroetatik irteten saiatzen dira, eta terapia burugabeetara eta terapeuta erotu eta eskrupulurik gabeengana jotzen dute babes bila".Calatayudek esan duenez, komedia horrek "Marx anaiei asko zor die". Eta, laburbilduz, zuzendariak adierazi du komedia ederra izateaz gain, maitasun istorio bitxi bat ere badela Terapias. ETBn askotan agertu diren antzezleek jokatuko dituzte paperak taula gainean. FitxaTestua: Christopher Durang. Bertsioa: Rafael Calatayud. Zuzendaria: Rafael Calatayud. Zuzendari laguntzailea: Lourdes Bañuelos. Eszenografia: Palco Cb. Jantziak: Ana Turrillas. Argiaren diseinua: Xabier Lozano. Interpreteak: Mikel Losada, Dorleta Urretabizkaia, Kepa Errasti, Ana Pimenta, Ane Gabarain, Mikel Laskurain, Asier Oruesagasti. Zuzendaritza teknikoa: Iñigo Lacasa. Ekoizpen zuzendaria: Santiago Sueiras /Ana Pimenta. Produkzioaren ondokoa: La Pavana. Produkzio laguntzailea: Izaskun Imizkoz. Banaketa: Vaiven Producciones / Gaupasa.