Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Xabier Mendia Diez (helduen mailan) eta Haritz Goikoetxea Flores (haurren mailan) dira Altsasuko festak iragartzeko kartel lehiaketa irabazi dutenak. Mendiak photoshop programarekin landu du Jose Ulibarrenaren Festen koloretan izenburuko irudia. "Kioskoa ateratzen zen eta eskultura baztertuta zegoen eta berreskuratu nahi izan dut", azaldu digu Mendiak.Epaimahaiak aurkeztutako 22 lanetatik hiru finalista hautatu zituen eta gero herri bozketak Mendiaren lana hautatu zuen azalerako (Mendiak bozen %41 lortu zituen, Jose Mari Morcilloren zezensuzkoak %36 eta Luis Fernandez Calvoren festen begiradak %23). Mendiak esker ona azaldu die altsasuarrei bere lana aukeratzeagatik. Egileak aurretik bitan lortu du bere irudiak festen programa ilustratzea, bata helduen mailan eta bestea haurren mailan. Orain arte Altsasuko lehiaketan aurkeztu da soilik. Ez du baztertu beste lehiaketetara aurkeztea, baina ideia eta hura gauzatzeko beta behar dela adierazi digu. Epaimahaiak 32 lanen artean Haritz Goikoetxea Floresen marrazkia aukeratu du festen programako kontrazalean argitaratzeko. Altxa eta su izenburuko irudia argizariekin egin du Goikoetxeak eta gau-giroa sortzeko txinatar-tinta erabili zuen. Koldo Arnanzen marrazki eskolan trebatzen ari da altsasuar gaztea. Biek Juan Carlos Orellana zinegotziaren eta Alberto Anguiano Txartel dendako nagusiaren eskutik jaso dituzte sariak.