Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Martxoaren 6an ekin zioten protestari Lazaro Echeverriako langileek. "Gure eskubideak defendatzeko bide hau gelditu zaigu bakarrik" esan zuten orduan. Enprsak haietako sei kaleratu eta lan baldintzetan aldaketa nabarmenak egin nahi zituen eta langileak ez ziren ados horrekin. Kaleratuak berriro hartzea edo kalte-ordain handiagoa ematea eskatzen, zuten, baita enpresa ituna ere. Protestaldiaren ondoren 22 langileak ostirala eta asteazkena bitartean bueltatuko dira lanera. Sei hilabete eta 10 egun iraun duen borrokaldiaren ondoren, dozena erdi langile gutxiago izanen ditu enpresak, baina kaleratuek lan egindako urte bakoitzeko 25 eguneko kalte ordaina jasoko dute, 19 hilabeteko topearekin. Enpresaren hasierako eskaintza 20 egun eta 12 hilabeteko muga eskaintzen zituen. Horrekin batera, enpresak proposatutako malgutasun proposamena atzera bota dute eta zuzendaritzak proposatutako soldata murrizketak (%10) txikitu egin dira: aurten %2 jaitsiko zaie soldata langileei eta heldu den urtean %1,5. Aldi berean, lan hitzarmen bat lortu ez bada ere, enpresa paktua lortu dute Lazaro Echeverriako langileek. Aurten eta heldu den urtean izanen da indarrean eta urte bateko ultra-aktibitatea izanen du. Borrokaren beharraSakanako ELAko arduradun Gorka Viergek esan digunez, helburu nagusia enpresa hitzarmena lortzea zen. "Hori lortu ez bada ere, langileen borroka aitortu beharra dago, enpresak proposatutako xantaia geldiaraztea lortu dutelako. Lan erreforma baliatuz jardun sindikalaren bidez hamarkadetan lortutako lan eta soldata eskubideak suntsitu nahi izan ditu". Viergek Lazaro Echeverriako langileak adibidetzat jarri ditu (denak daude afiliatuta): "soilik sindikalizazio handiko enpresetan eta batasun eta elkartasun kontzeptu batek bakarrik geldiaraziko ditu patronalaren oldarraldiak". ELAko kideak enpresetan langileak antolatzea ezinbesteko dela uste du. "Defentsa kolektiborik ez den enpresetan hitzarmen, lan baldintza eta eskubiderik gabe geldituko gara" gaineratu du Viergek, ziurtatuz "gehien borrokatzen den tokitan gehiago lortzen dela". SentipenakLangileei protestaldia "luzea eta gogorra" egin zaie. Hala ere, laguntza asko eta animoak jaso dutela aitortu dute eta, horregatik, sakandarrei esker ona azaldu nahi izan diete. "Egitekorik ez genuela esaten zigunik ere egon da. Erakutsi dugu elkarrekin egonda zerozer lortu daitekeela. Eta uste dugu lortu dugula. Merezi du gure lanpostua defendatzea. Harro egoteko modukoa da". Denak batera izatearen garrantzia ere nabarmendu dute. Borrokaldi luzeak langileak elkar hobe ezagutzeko eta adiskidantza handitzeko balio izan duela aitortu digute. Lortu duten barne lasaitasuna izanen da langileen borroka akaberako ospakizuna.