Altsasu futbol taldea, ilusioz beteta

Guaixe 2013ko irailaren 12a

Asteburuan hasiko da erregional maila. Hiru talde sakandar ariko dira bertan: Altsasu, Etxarri Aranatz eta Ultzamaren laguntzarekin sortu den Lagun Artea B. Sociedad Deportiva Alsasua (SDA) da Altsasun futbola kudeatzen duen elkartea. Bere presidente Pablo Lopez Colinarekin bildu gara. Berak esan digunez, aurten 13 talde izanen ditu Altsasu futbol taldeak guztira, kategoria guztiak kontuan hartuta. Gutxi gora behera 225 jokalari inguru ariko dira, gehienak mutilak. "Azpiko kategorietan badira neskak, baina haurren mailatik gora ez. Izan genuen Altsasun aritzen zen neska bat, gero Osasunako haurren taldera joan zena" aipatu digu Lopez Colinak. Talde berritu eta gazteaErregional mailako liga asteburuan hasiko da. Ultzama taldearen laguntzaz sortu den Lagun Artea B du aurkari Altsasuk, igandean Lakuntzan. "Festak direlako aldatzen saiatzen ari gara. Ea lortzen dugun" adierazi digu SDA-ko presidenteak. Aurten ilusioz gainezka daude Altsasun, talde polita sortu dutelako. Izan ere gazte kategoriako jokalari asko igo dira erregional mailara. "Baja batzuk egon dira eta jubenil asko pasa dira. Kontuan hartu behar da jubenil hauek pasa den urtean Liga Nazionalera igotzear egon zirela, puntu eskas batengatik ez zuten lortu. Euren esperoan geunden. Oso prestatuak datoz eta talde ona sortu dugula iruditzen zait. Euren ilusioarekin eta beteranoen bultzadarekin... ea goiko postuetan egotea lortzen dugun, Preferenterako igoera fasea jokatzeko" nabarmendu du Lopez Colinak. Altsasukoa talde gaztea da, batez beste 21 urtekoa. 19 urteko 7 jokalari daude, 20 eta 21 urteko hiruna, 22 urteko 2 jokalari, 24 eta 25 urteko jokalari bana, 27 urteko 2 eta 31 urteko bakarra, beteranoena. "Talde gaztea da baina talde polita, futbola zer den ongi dakiena. Jokalari prestatuak eta egokiak direla uste dugu. Beteranoen laguntzarekin ea ongi dabiltzan. Ligan ongi astea da gakoa, hala bada beraiek bertan sinistuko baitute ongi ibiltzeko kapazak izango direla. Liga gaizki hasiz gero oso gogorra da erremontatzea" gaineratu digu Lopez Colinak. Taldea itxi gabeAurreko urtetan baino baikorrago daude Altsasun. "Aurreko urtean taldea sortzeko arazoekin egon ginen, ezin futbolari kopurua bildu eta osatu. Aurten, aldiz, kalitate handiko jokalariak ditugu, baina jokalari gehiegi. Horregatik aukeraketa egin beharko du entrenatzaileak eta horretan dabil. Gehienez ere 25 fitxa egin ahal ditugu eta momentuz 20 fitxa egin ditugu. Fitxa gehiago egiteko asmoa dugu baina entrenatzaileak erabaki beharko du zein jokalariei egin fitxa hori. Horregatik, erabaki horiek hartu bitartean, nahiago dugu jokalarien zerrenda ez publikatzea" adierazi digu Pablo Lopez Colina presidenteak. Jose Antonio Claver entrenatzaile altsasuarrarekin oso pozik dago SDA. Claverrek Francisco Jose Gomez "Frasquito" altsasuar ezagunaren laguntza du. Jokalari asko dabiltza entrenatzen, giro onean, ilusioarekin eta gustura. Arerio indartsuenak Valle de Egües, Amaya eta San Jorge omen dira. "Baina liga hasten denean ikusiko dugu hori" gaineratu du Pablo Lopezek. SDASociedad Deportiva Alsasuak kudeatzen ditu Altsasuko Futbol Taldeko talde guztiak. Horretaz aparte, pilota, txirrindularitza eta beste lantzen ditu SDA-k. 374 bazkide ditu elkarteak. "Gehiago izan zitezkeen, baina ez gara kexatzen" dio Lopez Colinak. Ekonomia aldetik, "saneatuta" daudela dio, eta hori ez da gutxi. Futbolak gutxi gora behera 70.000 euroko aurrekontua eskatzen dio SDA-ri. Dantzaleku futbol zelaiarekin "oso pozik" daude, eta liga hasteko irrikaz. "Erregionala eta jubenil maila asteburu honetan hasiko dira - larunbatean, 17:30ean Altsasuko jubenilek San Ignazio dute aurkari - eta gainontzeko kategoriak hurrengo asteetan" argitu ditu presidenteak. Astebururo, bada, lana eta futbol ikuskizuna izanen da Dantzalekun. EntrenatzaileakJose Antonio Claver, Francisco Jose Gomez laguntzaile duela (erregionala), Peio Goikoetxea (gazteak), Alonso Davila eta Jon Ander Fernandez, Alfonso Castellanosen laguntzarekin (kadeteen talde bana), Migel Javier Mendoza (haurren 1. maila), Xabier Lopez (haurren 2. maila), Elena Sanchez, Javier Riezu, David Fernandez, Felix Dominguez eta Gorka Pascua (kimuen talde bana) eta Iñaki Cristobal (aurre benjaminak eta benjaminak). Altsasuren 13 taldeakErregional mailakoa, gazteen 1. mailakoa, kadeteen 2. mailako 2 talde, haurren 1. mailako talde bat, haurren 2. mailako talde bat, kimuen mailako 5 talde (Sakanako Futbol Topaketetan aritzen dira), benjaminen talde bat eta aurre benjaminen beste bat. Erregional maila. 1. jardunaldiaLagun Artea B ¬ - Altsasu (atzeratuta, Altsasuko festak direla eta)Errotxapea - Etxarri Aranatz (larunbatean, 17:00etan, Iruñean)