Udalak Ospa Eguneko "salbuespen egoera" salatu du

Guaixe 2013ko irailaren 12a

Astelehenean egindako osoko bilkuran Altsasuko Udalak Ospa Eguneko asteburuan herriak bizi izandako "salbuespen egoera" salatu zuen. Aldi berean, udalak babesa azaldu zion herritarren adierazpen askatasunari, edozein motako kultura, aisialdi, festa edo aldarrikapen antolatzerakoan. Espainiako Gobernuko ordezkari Carmen Albarekin bilera eskatuta dutela aurreratu zuten alkatetzako taldetik. Onartutako mozioan hari Altsasun hedatutako operatiboaren inguruko azalpenak eskatuko dizkiote. Bestalde, festetako zenbait ekitaldiren debekua dela eta udal taldeak ere Albarekin hitz egiteko nahia azaldu du. Bestalde, mozioan Albak dimisioa ematea eskatu zen, ""Altsasuko herriarekin erakutsitako bortizkeriagatik". Azkenik, atzo onartutako mozioan Altsasuko Udalak ez zuen beharrezkotzat jotzen Espainiako Gobernu Ordezkaritza Nafarroan izatea eta, horregatik, hura ezabatzea eskatu zuen. "Aldebiko erlazio, eskumen gaitasun eta autogobernu eskubideak" argudiatu zituzten erakunde hori desegiteko. Mozioaren alde Bilduko eta Aralarreko bost zinegotziek bozkatu zuten. NaBaiko hiruak, PSNkoa eta IU-EBkoa abstenitu egin ziren. UPNkoak ez zuen bozketan parte hartu. IritziakMozioaren alde bozkatu zutenendako Ospa Eguneko debekua "adierazpen askatasunaren urraketa argia da. Udalak herritarren askatasunak bermatu behar ditu, beraz ez dugu onarten Barne Ministerioak Nafarroako Gobernu Ordezkaritzaren edo beste erakunde baten bitartez altsasuarren oinarrizko eskubideak mugatzea". Alde bozkatu zuten bost zinegotzien iritziz, Guardia Zibilaren hedapen handiak gure herritarrendako benetako arriskua izan da eta askorendako, gutxienez, herrian barna ibiltzeko molestia". NaBaiko zinegotziek salatu egin zuten "Carmen Albak agorrilaren 31ko asteburuan zuzendu zuen Guardia Zibilaren hedapen guztiz neurrigabea". Koalizioko kideek gaineratu zutenez, "gure ustez lortu beharko litzatekeen helburuaren kontrako ondorioak sortzen dituzten estrategiekin ez gatoz bat; herriko jende askok hala pentsatzen du". NaBaitik adierazi zuten "mozio honen moduan, espirala elikatzera bideratutako edozein ekimenetan ez dugu parte hartuko; haiek altsasuar gehienei eragiten die eta herriaren elkarbizitza normalari eragiten diote". IU-EBtik adierazi zen "altsasuar gehienek ez dute nahi eta ez dituzte Alde Hemendik, Ospa eta bestelako ekitaldi eta ekimenak ulertzen, kontrako efektua sortzen dutelako. Hau da, polizia presentzia gehiago, kontrol gehiago eta mota guztietako isunak". Koalizioa halako ekimenetan ez zuela parte hartuko aurreratu zuen zinegotziak. IU-EBtik Altsasuko polizia agintariekin eta gobernuko ordezkariarekin hitz egin beharra zegoela nabarmendu zen, "gehiegikeriak, kontrolak eta bidezko ez diren isunak salatzeko; gauzak normaltasun gehiagorekin pasa daitezen". Une batean udal bilkura eten egin zen Ospa mugimenduko kide batek hitza hartu zuen esateko: "aldarrikapen hori, beste edozein bezala, kalean egoteko borrokan jarraituko dugu. Horretarako lan eginen dugu". Gogora ekarri zuen udalean sortu zen Errepresioaren Kontrako Batzordearen helburua "errepresiorik gabeko herri bat" dela; "desagertzea helburu duen batzordea da. Albiste pozgarria litzateke". Ospa mugimenduak kalean zilegiak diren aldarrikapenak egiten segituko duela adierazi zuen. Udal taldeak salbuespen egoera horrekin bukatzeko lan egitera eta batzordean parte hartzera animatu zituen.