Guadalupeko Ama San Juanen

Guaixe 2013ko irailaren 12a

Domekan despeditu zituen La Encinak Extremadurako Eguna dela eta astebururako antolatutako ekitaldiak. Extremadurako kultur elkartean erkidegoko eguna ospatzeko, domekan, 120 izan ziren mahaira eseri zirenak. Zuzendaritzak prestatutako Extremadurako ohiko jakiak dastatu zituzten: txitxirioak azarekin, txerrikia eta Extremadurako gozoak. Larunbatean bazkide eguna ospatu zuen elkarteak eta 70 pertsona bildu ziren mahaiaren inguruan bazkaltzera. Aurten bazkaria Guadalupe Rico Leal eta Mariano Garcia Garrancho omentzeko baliatu zuten. Ondoren DJ Sergeiren doinuekin dantza egiteko aukera izan zuten. Ostiralean, egitaraua zabaltzeko Yolanda Pelaez ohorezko dama eta Ekiñe Gallardo ohorezko dama txikia izendatu zituzten. Juan Valdeolmillosek, Nafarroako etxe erregionaletako federazioko presidenteak irakurri zuen pregoia. Ondoren La Union abesbatzaren eta Isabel Ruiz kantariaren emanaldia izan zen. Horren ondoren elkartean izan zen auzatea goizaldera arte luzatu zen. AsmoakFrancisco Chaparro Bazan da elkarteko burua, martxoaren 2ko batzarraren ondoren zuzendaritza berritu eta gero. Zuzendaritzarako hautagaitzarik izan ez zenez, bera lehendakari-orde gisa hartu zuen ardura. Heldu den urterako kultura jarduerak aldatzeko ideia bueltaka dutela adierazi digu Chaparrok: "guztia pixka bat pilatzen zaigu. Irailaren 8an, Extremadurako eguna, ospatu nahiago dugu. Eta gero, kultur jardunaldiak feriak eta eguberri artean antolatzea. Guztia bizpahiru asteburutan banatzea". Festak gainean daudela ere gogorarazi zuen. Gaur egun 66 bazkide ditu elkarteak eta, gainera, beste 40 kultur-bazkide ere badaude.