Munstro birziklatuak

Guaixe 2013ko irailaren 26a

Lastailaren 12ra arte, astelehenetik ostiralera, 18:30etik 21:00etara Altsasuko Iortia Kultur gunean Munstroak Izenik Gabe erakusketa ikusgaiHondakindegian bukatu behar zuten, botata, ezertarako balio ez zutela. Orain, ordea, herriz herriko bira batean daude eta jendeak kuriositatez begiratzen ditu. Munstroak Izenik Gabe erakusketako protagonistak dira, munstro koadrila. Nafarroako hainbat ikastetxetako ikasleek parte hartu dute munstro horiek sortzen, tartean Altsasuko Aralarko Mikel Donea ikastetxekoak. Mª Jose Rekalde eta Juan Sukilbide artistak plastikoaren zuzendaritzapean munstroak biziberritu dituzte. Guztiak ere tamaina handikoak, "guk sortzen ditugun hondakinen tamainakoak". Kanpaina horrekin ikasleei azaldu nahi izan zaie "birziklapenaren bidez hondakinei bizitza berri bat emateko" modua badagoela. Birziklatzea biziberritzea denez, munstroen gorpuak hondakinez osatuta daude. Buruak egiteko, ordea, hondakinak birziklatzearen ondorioz sortzen den material berria erabili da, burua pentsamenduaren, adimenaren eta zentzutasunaren ikurra baita; azken finean, bizitza eta ingurumena maitatzearen ikurra. "Horrela, kontzientziak ere birziklatu behar direla erakusten da".Nafarroako Gobernuak bultzatu du ekimena, CRANA-Nafarroako Ingurumen arloko Baliabide Zentroaren bitartez, eta hondakinak kudeatzeko Nafarroako mankomunitateekin elkarlan estuan, tartean Sakanako Mankomunitatea. Sakanako munstroaAluminiozko munstroa 2 izeneko munstroa sortu dute ikasle sakandarrek. Horretarako aluminioa erabili dute. Hain zuzen, apalategi hondarrak, alanbreak, haien freskagarri-ontziak, haien ogitartekoak biltzeko paperak, laberako prest dauden janari-erretiluak eta beste. Aluminioa %100ean birziklatu daitekeen material bat da. Birziklapenari esker, duela mende bat baino gehiago ekoiztutako aluminioaren %75 baino gehiago erabiltzen da.