Uztartuz. Dantza, kantua eta euskara uztartzen dituen ikuskizuna

Guaixe 2013ko irailaren 27a

Ibarrako Alurr dantza eskolako ikasleek ariko dira bihar Iortia kultur guneko eszenatokian, haien zuzendariaren herrian. Izan ere, Altsasuko dantza eskolako irakaslea den Iñaki Agirre dute zuzendari dantzari gipuzkoarrek. Haren esanetara ondu dute Uztartuz, dantzan ikasi, kantuz bizi, euskaraz hezi ikuskizuna, dantza, kantua eta euskara bateratzen dituena.Euskal dantzen oinarri tradizionaletik abiatuta, izaera berritzaileko ikuskizuna emanen dute Alurreko dantzariek. Tradizioan oinarrituta koreografia berritzaileak prestatu dituzte, horretarako betiko eta gaur egungo erritmo, doinu eta kantuak erabiliz, bai bertakoak (Gose, Ken Zazpi) bai atzerrikoak. Guztia ongi zaindutako estetikarekin jantzia. Alurren laugarren ikuskizuna da Uztartuz. 2008.urtean, Sua aurkeztu zuten, 2010ean Oinazez eta joan zen urtean Izanak dirau, 1512 lanak aurkeztu zituen.