Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hizkuntza paisaia euskalduna aldarrikatzeko 2011ko azaroan kalera atera zen Euskal Herrian Euskaraz (EHE). Bere bi kide identifikatuak izan ziren eta 16 seinale ezabatzea leporatu zieten. 6.000 euroko isuna ordaindu eta joan zen urteko irailean egindako epaiketan bi seinaleren garbiketa kostuak ordaintzea eta bi eguneko lokalizazio iraunkorreko zigorra jarri zieten. Helegitea jarri zuten, baina atzera bota eta epaiketaren kostu guztiak ordaintzera zigortu dituzte. EHEko kideen iritziz aurretik ordaindutako 6.000 euroei orain bigarren zigor hori gehitu zaie. Jakinarazi dutenez, "delitu" beragatik bi zigor ordaindu ezin direnez, "jadanik ordaindua duguna bueltatzeko beste epaiketa batera joko dugu". EHEkoek adierazi dutenez, "Euskal Herri euskaldun eta burujabe batean sinesten dugu eta, hori eraikitzeko bidean, gure hautua egina daukagu; euskararen espaloian mantenduko gara".