Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur, 19:30ean Dora Salazarrek Un paseo por Bilbao erakusketa mustuko du Windsor galerian. Azaroaren 15era arte izanen da ikusgai. Bihar eguerdian egilearekin hizketatzeko aukera izanen daArgazkilaritza eta pinturaren arteko collagea eginez osatutako lamina panoramikoak. Bilboko txokoak gai hartuta hainbat lamina panoramiko sortu ditu Dora Salazarrek eta horiek izanen dira ikusgai. Egile altsasuarrak argazkiak oinarri hartuta, estudioan haien gainean eraiki, ordenatu eta instantea edo sekuentziak batu ditu, lehenaldiko ukitua duten panoramikak sortuz. Horretarako hainbat egile eta eskolen baliabideak erabili ditu "berez idealak diren tokiak idealizatzeko; eta, aldi berean, zalantzan jartzeko bai gure begiradak dituen baldintzagarri guztiak, baita irudiak errealitatearengan egiten duen nahasmen eta jabetzea ere". Aurretik ere, Salazarrek antzeko lanak eginak ditu; gero liburu formatua hartu dutenak. Donostiari eskaini zion Recorrido izenburudun liburua, Bernardo Atxagaren testuez hornituta (2000, Euskadiko Kutxa). Andra Mari ikastolak antolatutako azken Nafarroa Oinezarekin batera argitaratu zuen Beriainen itzalean (2009, Erein) liburua, Sakanako irudiak eta Pako Aristi, Jon Arretxe, Itxaro Borda, Toti Martinez de Lezea, Juanjo Olasagarre, Castillo Suarez eta Kirmen Uriberen testuez lagunduta. Bidezidorrak (2010, Egilearen edizioa) liburuan sorlekua, Altsasu, izan zuen ardatz Salazarrek, Maria Eskisabelen testuez lagunduta.