Altsasu mendizaleen topagune

Guaixe 2013ko urriaren 7a

Nafarroako Mendi Federazioak 11. Nafarroako Mendien Kluben eguna deitu zuen igandean Altsasun. Dantzaleku-Sakana klubeko mendi sekzioa izan zen antolatzailea, Altsasuko Mendigoizaleak klubaren eta beste hainbat babesleren laguntzarekin. Ehunka mendizalek topo egin zuten Foru Plazan, 400 inguru, antolakuntzak prestatutako bi ibilbideen artean aukeraketa egiteko. Bi aukera zeuden: 21 km-koa eta 10,5ekoa. Gehienek lehen aukeraren alde egin zuten. Eguraldia fresko esnatu zen, baina gero egun polita egin zuen, mendira joateko aproposa. Santi Zelaiari faraIrteera baino lehen Santi Zelaia omendu zuten. 79 urteko altsasuarrak Altsasuko toponimia eta kartografia ikerlaria da, eta hainbat mapa egin ditu. Altsasuko dermioen eta landaretzaren dibulgazioa egiteko hainbat talderekin kolaboratu du. Dantzaleku-Sakanako Juantxo Azurmendi lehendakariak klubeko armarria bordatua zuen zapia eman zion, eta Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Javier Zelai lehendakariak fare bat eman zion opari. Kasualitatez biak Zelaiaren ilobak ziren eta horrek omenaldia beroago egin zuen. Aurreskuaren ondoren Santi Zelaiak fara mugitu eta fare hotsekin batera abiatu ziren mendigoizaleak. Hasieran guztiak Urdiaingo igerilekuetaraino joan ziren, Basoitxitik. Ibilbide luzea hautatu zutenak Intsusbururaino igo ziren (957 m), eta ondoren Salsamendi, Aitzarte, San Pedro, Santa Luziasakan eta Dantzalekutik pasa ziren, Basoitxitik barna Altsasura heltzeko. Ibilbide motzekoek Urdiaingo igerilekuetatik Araniara jo zuten, San Pedro, Dantzaleku eta Basoitxitik atzera ere plazara heltzeko. Helmugan guztiek salda beroa eta txistorra pintxoa dastatzeko aukera izan zuten. Bazkarian Otxoa eta Salazar omenduZelandi pilotalekuan bildu ziren mendizaleak bazkaltzera. Antolakuntzak edaria, ogia, kafea, likoreak eta musika jarri zituen eta mendizale talde bakoitzak bazkaria eraman zuen. Klubaren egunera 6 autobusetan hurbildutako mendizaleak, bere kabuz gerturatutakoak eta sakandarrak bildu ziren bertan, 300 mendizale pasa. Bazkalondoan 73 urteko Angel Otxoa eta Matias Salazar mendizaleak omendu zituzten, Altsasuko mendizale beteranoenak baitira. Antolatzaileak eta mendizaleak, denak zeuden kontentu egunak emandakoarekin. Nafarroako Mendi Federazioko buru Martin Montañesek nabarmendu zuen kluben eguna "Federazioarendako egun inportantea" dela, "klub guztiak elkartzeko eta egun polita pasatzeko". Berak azaldu zuenez, egun 8.500 lizentzia inguru ditu federazioak.