Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pasa den asteko asteartetik asteazkenerako gauean 8 edukiontzi erre zituzten. Eta hurrengo gauean beste 28 izan ziren erre zituztenak. Azken gau horretan erretako edukiontzietatik gertu zeuden autok ere kixkalita gelditu ziren eta garren berotasunak gertu zegoen denda bateko kristal handia hautsi zuen. Erretako 36 edukiontzien gutxieneko balioa 6.300 eurokoa da. Ospa Egunaren ondoren, Altsasuko puntu ezberdinetan lau edukiontzi erre ziren. Horiek dira azken urtean erre direnak. Espainiako Gobernuko ordezkari Carmen Albak jakinarazi du Guardia Civilak ikerketa abiarazi duela. Alkatetza duen Bildutik adierazi dutenez, "azken hilabeteetan gure herria jasaten ari den enegarren erasoa da ekintza hau". Bilduko kideen iritziz, "egileak gure herrian erabateko zigorgabetasunarekin aritu dira. Aski da esateko garaia da". Bilduk Altsasuren kontrako halako erasoak onartzeko prest ez dagoela adierazi du. GehiagoSakanako ezker abertzaleko kideek agerraldi jendetsua egin zuten ostiralean. Altsasun azken hilabeteetako gertaerek "gure ezinegona sortu dute eta horiek salatzea da gure asmoa". Ospa Eguna eta ondorengo gertaerak izan zituzten gogoan. Aurreko asteko edukiontzien erreketaren inguruan adierazi zuten inork ez zituela aldarrikatu, halakoen ondoren egin ohi den moduan. "Ziurtatu ezin badezakegu ere, uste dugu ekintza hauen helburua ez dela ezer aldarrikatu edo salatzea". Ezker abertzaleko kideek susmoa da "antzeko egoerak gertatu izan direnean bezala, elementu parapolizialen eskua dagoela atzean". Ezker abertzaletik guztiari "oso usai txarra hartzen diogu eta helburu argi bat ikusten diogu: aldarri legitimo baten eta horren alde lan egiten duten pertsonen kriminalizazioa". Ziurtatu zutenez, "gure aldarri eta helburuetan tinko jarraituko dugu". Eta gaineratu zuten adierazpen askatasuna eta lan politikoa egiteko eskubidea altsasuar guztiek defendatu behar dituzten ideiak direla. "Ezin dugu onartu inor mehatxatua eta susmopean jartzea oinarrizko eskubide zibil eta politikoak praktikan jartzeagatik". Azkenik larunbaterako Ospa mugimenduak deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu zuten. DeklaratzeraBi altsasuar Iruñeako Guardia Zibilaren komandantziara deituak izan dira deklaratzera, haietako bat herriko alkatea da.