Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dozena erdi bertsolarik 800 zaleturen aurrean parte hartuko dute etzi XVI. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelketan. Hobekien ibiltzen dena zuzenean final-aurrekoetarako sailkatuko da eta gainontzekoak puntuen zain geldituko dira aurrera eginen duten 16en artean dauden jakin ahal izateko. Altsasuko seikoteaBeñat Gaztelumendi Arandia (Añorga, 1987)Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi du, eta egun kazetari lanetan aritzen da. Igeldoko, Hernaniko eta Santutxuko bertso-eskoletan ibilia da. Bigarren egin zuen 2007ko eta 2011ko Gipuzkoako Txapelketan. Bigarren aldiz parte hartuko du Txapelketa Nagusian.Erika Lagoma Pombar (Lesaka, 1981)Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko transmisio eragilea da. Gazterik hasi zen Bortzirietako bertso-eskolan. Bitan izan da Nafarroako Eskolarteko txapeldun. Hirugarren egin du aurten Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Bigarrengoz parte hartuko du Txapelketa Nagusian.Jexux Mari Irazu Muñoa (Larraul, 1972)Filosofian lizentziatua da. Azken urteotan bertsolaritza eta ikusentzunezko komunikazioa uztartu ditu. Bertsoa.com plaza digitalaren sortzailea da. Tolosako eta Hernaniko bertso-eskoletan ibilitakoa da. Txapelketa Nagusian bosgarren aldiz parte hartuko du.Oihane Perea Perez de Mendiola (Gasteiz, 1977)Arabako Bertsozale Elkarteko eragile eta irakaslea da. 12 urte zituela hasi zen Gasteizko Bertso Eskolan. Arabako egungo txapelduna da, eta hirutan izan da herrialdeko txapelduna. Bertsolari Txapelketa Nagusian hirugarren aldiz parte hartuko du. Unai Agirre Goia (Hernani, 1975)Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean egiten du lan. Langile Ikastolan hasi zen bertsotan. Hernaniko bertso-eskolako kidea da. Bitan irabazi du bertsolari gazteentzako Lizardi sariketa eta behin Orixe sariketa. Laugarren aldia du Txapelketa Nagusian.Xabier Silveira Etxeberria (Lesaka, 1976)Idazlea eta zutabegilea da. Besteak beste, Zaharrak Berri Xou eta MC Txirrita proiektuetan parte hartu du. Zazpi aldiz irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta egungo txapelduna ere bera da. Laugarrengoz parte hartuko du Txapelketa Nagusian.Lana 15 bertso puntuagarri kantatu beharko dituzte, horrela banatuta: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso eta kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.Beleixe Irratia, FM 107,3Sakanako Irrati euskaldunak zuzenean emanen du saioa, Info 7 irratiaren seinalea zabalduz. Bazkaltzeko deskontuakBierrik Fundazioak Arkangoa, Biltoki eta Kaixo jatetxeekin elkarlanean, bazkal garaian deskontuak eskaintzen dizkie bertsozaleei. Horretarako Altsasuko kanporaketako sarrera aurkeztu behar da soil-soilik. Arkangoa jatetxeak 19,95 euroko menua prestatu du bertsogosez Altsasura etorriko direnendako. Biltoki jatetxearen menu eskaintza 21,25 eurokoa da. (Bietan deskontua barne dago). Kaixo jatetxean, berriz, menuan, plater konbinatuetan eta ogitartekoetan eskainiko dituzte deskontuak. On Egin Bierrik Fundazioaren ekimena da. Bierrik-ek Sakanan euskarazko hedabideak (Guaixe astekaria eta Beleixe Irratia) sustatzeaz aparte, ibarreko ekonomia mugitzeko ahaleginak egiten ditu. Bi urte eta erdi daramatza bazkide txartela eskaintzen (eskualdeko 80 komertzio baino gehiagotan deskontuak lortzeko aukera ematen duena). Maiatzean Altsasuko Antzerki Zikloarekin antzeko aukera eskaini zuen. Gaur aurkeztutako egitasmo gehiago egiteko asmoa du etorkizunean Bierrik-ek eta, horretarako, Sakanako eragileekin elkarlanean aritzeko prest dago.