Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
IU kexu azaldu da euskara eskatu delako. Alkatetzatik diote udal bilkuran plantilla organikorako onartutako hizkuntza perfilak besterik ez direla aplikatzen Altsasuko Udalak bi kisusgil plaza betetzeko eta kiroldegiko garbiketa egiteko zerrenda osatzeko euskara ezagutza eskatu die interesatuei. IUk ohar bidez azaldu dutenez, "duela bi urtetik diskriminazio berri bat pairatzen ari gara, oraingoan gure hizkuntzagatik". Koalizioko kideek azaldu dutenez Altsasun 980 langabe daude eta haietatik 800k ez dakite euskara. Sakanari dagokionez, 1763 langabeetatik 1280k euskara ez dakitela nabarmendu dute IUko kideek. Koaliziotik ziurtatu dutenez, udala Euskararen Legea "modu krudel, diskriminatzaile eta, apika, era alderdikoian interpretatzen ari da". Oinarrizko mailaAlkatetzako taldetik azaldu dute udal bilkuran plantilla organikorako hizkuntza irizpideak onartu ziren. Eta gogorarazi dute IU abstenitu egin zela. "Udalaren gehiengoak langile bakoitzari zein hizkuntza maila jakin behar zuen zehaztu zuen. Ez da gauza bera testu bat sortu behar duen administrari bat edo lankideekin harremana izan behar duen langile bat". Kasu horietan eskatu dena, zehaztu dute alkatetzako taldetik, "oinarrizkoena da, ulermen eta ahozko maila xumea. Euskaraz eginen dion lankidea ulertzeko. Defendatu dadila". Euskara udalean lan tresna izatearen alde egin dute alkatetzatik. Egunerokoan euskara lan-tresna izateko neurria da hizkuntza perfilak zehaztea. Udaleko sail guztietan lan-hizkuntza gisa eta lan-harremanetan gehiago erabil dadin, eta departamentu guztiek eskaintzen dituzten zerbitzuez baliatzeko dagokion hizkuntza gaitasuna eskatu beharra dagoela adierazi dute. Azkenik, alkatetzako taldeak "populistatzat" jo dute IUren oharra eta gogorarazi dute aurrekontuak onartzerakoan Mank-en euskara zerbitzuaren kontrako neurriak eta beste eskatzen dituela.