Onddoen artean korrika

Guaixe 2013ko urriaren 18a

Sakanako kross herrikoienean parte hartzera deitu dute Altsasun. Bihar, 11:00etan, 34. Eskola Arteko Krossa izanen da, eta 12:00etan VI. Onddo Lasterketa, paraje ikusgarrian.Dantzaleku Sakana atletismo klubak, hainbat babesle eta laguntzailerekin batera, VI. Onddo Lasterketa antolatu du bihar, larunbatean, 12:00etan, Altsasuko feriekin batera. Helburua, besterik gabe, atletismoaz gozatzea da, Dantzaleku, Basoitxi eta San Pedro zelai paraje ederrean barna, onddoak ateratzen diren tokian, hain zuzen.Onddo lasterketa proba ez lehiakorra da, Sakanan ospatzen den kross herrikoiena, izena ematea dohainik baita, eta ez da klasifikaziorik egiten. "Atletismoa sustatu nahi dugu. Zapatilak jantzi eta besterik gabe korrika egitera ateratzea. Egun polita pasatzea da kontua, paraje ederretan korrika eginez eta emakumeei parte hartzeko gonbite berezia eginez" dio Dantzaleku Sakana klubeko Peio Bergarak.Sakandar guztiei bertan aritzeko gonbitea egiten diete antolatzaileek. "Horregatik ibilbideak 6,6 km-ko distantzia du, nahiko eramangarria, eta mota guztietako jendea erakarri nahi dugu: lasterketetan aritzen direnak, euren kabuz korrika egiten dutenak baina lasterketetara ateratzen ez direnak, familiartean edo lagunartean aritzen direnak... baina lehiakortasunik gabe, asmoa ongi pasatzea delako" gaineratu du Bergarak.Joan den urtean 190 korrikalari aritu ziren proba nagusian eta 90 kategoria txikikoetan. Eguraldia lagun, antzeko parte hartzea espero dute antolatzaileek, txikien kasuan, akaso, parte hartze handiagoa.Emakumeei dei bereziaUrtero moduan, gonbidapen berezia egin zaie emakumeei. "Emakumeei gehiago kostatzen zaie ateratzea, baina badakigu askok korrika egiten dutela. Onddo lasterketetan parte hartzera animatu nahi ditugu" adierazi du Dantzaleku-Sakana klubeko ordezkariak. Aurreko urtean 39 emakume aritu ziren, zenbaki polita, "baina aurten 50 animatuko balira... mundiala!" dio Bergarak.Aurten korrikalariei banatuko zaien kamiseta emakumeengan pentsatuz diseinatu dute. "Kamiseta tekniko polita egin dugu, emakumeen taila kontuan hartuta, izan ere, normalean, lasterketetan ematen diren kamiseten tailak gizonezkoenak baitira. Onddoen lasterketan ariko diren emakumeei dei egiten diegu proba hasi baino lehen aurtengo kamiseta jaso dezatela, kamiseta fuksia polita, eta lasterketa kamiseta jantzita egin dezatela" aipatu digu Peio Bergarak.Babesleei eskerrakProban parte hartzeko ez da kuotarik ordaindu behar, kirola sustatzea baita asmoa. "Horregatik bihotzez eskertu behar dugu babesleek emandako babesa, aipatu proba ospatzea ahalbideratzen dutelako" nabarmendu du Peio Vergarak. Proba ez lehiakorra denez, ez da sailkapenik ez sari metalikorik egongo. "Horren ordez opariak banatuko ditugu" gaineratu du Bergarak. Antolakuntzak onddoen eguneko 200 kamiseta termiko banatuko ditu eta helmugan La Vitorianak emandako 190 berlinak eta BMk emandako edariak dastatuko dira. Horretaz gain, hainbat lote zozketatuko dira parte hartzaileen artean: 4 saski onddo, txistorra loteak (Juan Antonio Galarza), pate Katealde loteak, ardo botilak eta beste.Ibilbidea6,6 km-ko lasterketa da, haritz artean, onddoak ezkutatzen diren paraje ederretan barna. Bihar, 12:00etan Altsasuko Foruen plazatik irten eta Pilotajaututik basorako bidea hartuko dute, Otaibarren, Olloetxe eta Zamarretako zubian barna. San Pedrora iritsi eta baso itxitik Dantzalekurako bidea hartuta, Maibelotik plazara itzuliko dira, lasterketa bukatzeko.34. Eskolarteko Krosa, aurretikOnddoen Lasterketaren aurretik, goizeko 11:00etan, 34. Eskolarteko Krossa jokatuko da Altsasuko Foruen plazako inguruetan prestatutako zirkuituan. Eskola-kirola sustatzeko sortu zuten aipatu proba duela 34 urte orduko Altsasuko 5 ikastetxeek, Iñigo Aritza Ikastolak, Zelandik, Korazonistek, Kaputxinoek eta La Compasionek. Helburu berberekin antolatzen jarraitzen da, eta prebenjaminak, benjaminak, kimuak eta haurrak ariko dira korrika. Hortik gorako kategoriak Onddoen lasterketan ariko dira. "Sakana guztiko ikastetxeetako ikasleei egiten diegu parte hartzeko gonbita" adierazi dute antolatzaileek. Helburua atletismoa bulkatzea denez, ez da ez sailkapenik ez saririk egongo. Guztiek batidoa eta hainbat opari jasoko dituzte. Iaz 90 gaztetxo aritu ziren eta aurten parte hartzea igotzea nahiko lukete antolatzaileek.Izena ematekowww.dantzalekusakana.com web orrian, ostiralean. Proba egunean, bihar, Altsasuko Gure Etxean.