Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iruñeko Gotorlekuko Arma Aretoak Txuspo Poyoren "Reenarnación: en una sola palabra" ikus-entzun esperimentazio-muntaia hartu du. Azaroaren 17ra arte dago ikusgai, asteartetik ostiralera 18:30etik 21:00etara, larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara. Txuspo Poyo (1963, Altsasu) artista altsasuarraren lana gustuko dutenek edo artista altsasuarra deskubritu nahi dutenek aukera aparta dute, gertu, oso gertu baitago ikusgai bere azkeneko lana. "Reencarnación: en una sola palabra" izenburupean artista altsasuarrak 1993 eta 2013 urteen artean egindako hainbat proiektu biltzen ditu lanak. Zinean, bideoan eta animazioan egindako hainbat proiektuen seriea da lana, ikusentzun esperimentazio-muntaia, hain zuzen. Txuspo Poyoren hitzetan "muntaia hainbat pantailaren monolito handi baten antzera" antolatuta dago, ikusentzunezkoaren esperimentazioa egiteko narrazio eta mekanismo multzoa konfiguratzen dutenak. Poyoren lanak biltzen dituen muntaiaInstalazio hau hain justu erakusketa honetarako diseinatu du Txuspo Poyok. Poyoren lanen irudiz, sekuentziz eta narrazio fragmentatuz osatuta dago instalazioa. Horietako lan bat "Cartoons" da, mendebaldean haurren hezkuntzako parte izan diren marrazki bizidunen inguruko dokumentala. "Herrorismo" lana da beste bat, Metro Goldwyn Mayerreko lehoiaren orro famatua The End batean funditzen duen proiektorea. Monkey Honky Town proiektuaren sekuentziaren batzuk ere azaltzen dira. Bertan, hildako natur elementuak irudikatzen ditu, hezurrak, banderak edo pistolak, zientzia fikzioko antzerki koreografien simulazioa bailitzan. Beste lan bat "Delay Glass" da, 3Dko animazioa. Animazio honen bidez Poyok Marcel Duchampen "Gran Vidrio" lanean sarbidea egiten du, hainbat elementuren mugimendu onanista eta errotatiboaren simulazio baten bidez. "Cruzando vias: si ves algo, di algo" proiektuaren elementuak ere ikusgai dira, elkarbizitzaren eta kontrolaren gaiak lantzen dituen proiektua. Altsasuko Usolarrainen kokatu zuen "La casa arbol"-eko irudiak ere daude ikusgai. Bertan Natur espazioekin interakzioa egiten duten praktika artistikoak ikertzen ditu Txuspok. Eta "U.N. (Inverse)" estrategia artistikoan New Yorkeko Nazio Batuen erakundeko egoitza osatzen duen arka eta monolitoaren eraikuntzaren inguruko interpretazio, narrazio eta fikzio gaiez hausnarketa egiten du. Aipatu lan guztien pasarte, sekuentzia eta irudi ezberdinak eskaintzen dizkigu "Reencarnación: en una sola palabra" muntaiak. Eta merezi du Iruñeko Gotorlekutik buelta ematea, erakusketa bitxiaz gozatzeko.