Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Oso pozik daude Dantzaleku-Sakana atletismo klubekoak. Larunbatean Altsasun ospatutako VI. Onddo Lasterketa arrakastatsua izan baitzen oso. Proba herrikoiena da hau, ez lehiakorra. Ez da klasifikaziorik egiten eta izena ematea dohainekoa da. Helburua zapatilak jantzi eta besterik gabe Altsasuko paraje ederretan barna korrika egitea da, atletismoa eta kirola sustatzeko. Guztira 225 korrikalari aritu ziren, aurreko urtean baino 35 korrikalari gehiago, baina inportanteena emakumeen presentzia izan zen. "Urtero gure proba herrikoian parte hartzeko dei berezia egiten diegu emakumeei. Joan zen urtean 39 emakume atera ziren korrika egitera eta aurten 55, eta horietatik asko neska gazteak. Oso pozik gaude!" adierazi digu Dantzaleku-Sakanako Peio Bergarak. Atletismo festa ederra izan zen larunbatekoa. Eguraldia, zoragarria. Basoitxi, Dantzaleku eta ondoko parajeak, batere lohirik gabe eta inoiz baino politagoak. Eta bertatik eta onddo artean korrika egitea, sekulako plazerra. Emakumeek aurtengo kamisetarekin egin zuten korrika, fuksia koloreko kamiseta politarekin. "Ederra izan zen horrenbeste emakume gure kamisetarekin korrikan ikustea. Izan ere, hori da gure helburua, atletismoa eta kirola sustatzea. Eta emakumeetan bereziki, badakigulako beraiek ere kirola egiten dutela" gaineratu dute Dantzelekukoek. Bularreko minbiziaren kontrako egunean, kolore arrosarekin bat egin zuten Onddo lasterketakoek. Omenaldia MartineziProba hasi baino lehen minutu bateko isilunea gorde zen Esteban Martinez Lopezen alde. Betidanik atletismoaren sustatzaile, Sociedad Deportiva Alsasuako atletismo sekzioko monitore eta Dantzaleku-Sakanako laguntzailea izan zen urte askotan. Dantzaleku-Sakanako Juantxo Azurmendi lehendakariak omenezko plaka bat eman zien senitartekoei. Proba bukatzerakoan korrikalariek kamiseta jaso zuten opari, freskagarriak eta berlinak dastatu zituzten eta antolatzaileek 100 produktu lote zozketatu zituzten, tartean 4 onddo saski eder. Guztiak, antolatzaileak eta korrikalariak, kontentu. "Horrenbeste jende gazte korrikan ikustea, Sakanako jendea gehienbat, sortutako giro polita... ederra izan da. Atletismoaren festa!" zihoen ikusle ikusle batek. Esker onaAntolatzaileek proba antolatzeko euren laguntza eman zuten boluntarioek eta klubeko kideek egindako lana eskertu nahi dute, eta baita babesleek emandako laguntza. 25 pertsona aritu ziren lanean guztia antolatzeko. 34. Eskola Arteko KrossaOnddo Lasterketa baino lehen, prebenjeminetatik hasita eta haurren mailara bitartekoak 34. Eskola Arteko Krossean aritu ziren. 90 neska-mutiko aritu ziren. Guztiek batidoa jaso zuten opari. Atletismoak badu etorkizuna.