Sakanako Arte Garaikideko Azoka

Guaixe 2013ko urr. 24a, 16:53

Azaroaren 8ra arte, astegunetan, 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara

Altsasuko Iortia kultur gunean Ostiralean zabaldu zituen ateak II. Altsasuko Arte Azokak. Sakanako artisten lanen ikuspegia izateko aukera aparta eskaintzen du Iortia kultur gunean ikusgai dagoen erakusketak. Igandean artistetako batzuk euren obra salgai jarri zuten jendaurrean eta zenbait pieza saldu zituzten. Azokak irauten duen bitartean lanak ikusteaz aparte haiek erosteko aukera izanen da.

Sortzaileek (26 sakandar eta 5 gonbidatu) adierazteko bide ezberdinak aukeratu dituzte: bideoa, pintura, eskultura (burdina, zura, harria) edo instalazioa. Artistek denetariko teknikak baliatu dituzte euren lanak sortzeko: collagea, akuarela, olioa, serigrafia, akrilikoa, inpresio digitala, xilografia... Errealismoa, abstraktua... aniztasunaren isla ederra. Ibarreko arte garaikide azoka Hego Euskal Herrian ekimen aitzindaria da.  

Sorreraz
Ostiralean Manolita Thundres altsasuarrak gogoratu zuen orain dela bi urte artista talde bat bildu zela eta urte betez bilerak egiten aritu zirela. Hainbat ideia sortu ziren topaketa haietan: lokal premia, artisten arteko harremana sortzea... "Jende asko etortzen dela aprobetxatuz, ganadu azokarekin batera arte azoka antolatzea izan zen sortu zen ideietako bat". Egokia zela iruditu eta aurrera egin zuten, "artearen istorioa mugitzeko".

Bere gurasoen etxeko bajeran behin halako saiakera bat egin zutela gogoratu du Thundersek. Baina bestela bere kabuz azoka egunean margolanak saltzen aritu izan dela gogorarazi du altsasuarrak. "Kanpoan esaten dute Sakanan artista asko daudela eta hala da. Haiengana jo genuen eta joan zen urtean estreinako azoka antolatu genuen. Jende askoren eskua ikus daiteke". Ikusgai dagoen ezberdintasuna nabarmendu zuen Thundersek eta beste bertute bat gaineratu dio azokari: "ezezagunak ziren artistak publikoari ezagutaraztea".