Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Udalak 22 autokarabanendako aparkalekua eginen du Dantzalekuko lurrezko futbol zelaian. Haren mendebaldean 1.500 metro karratu egokitu nahi ditu udalak. Horretarako zorua berritu eta ibilgailuendako ur eta argindar hartuneak jarriko dira. Aldi berean autokarabanen ur beltzak jasotzeko azpiegitura jarriko du udalak. Horrekin batera, sarreran hesi mugikorra eta inguru guztian itxitura jarriko da. Behin-behinean alkate postuan dagoen Juan Carlos Orellanak azaldu zuenez, lan horiek aurreneko fase bat izanen dira eta etorkizunean zabaltzeko aukera izanen da. Autokarabanendako erabiltzen ez den zatia aparkaleku gisa egokituko da. Lanak udalaren soberakineko 50.000 eurorekin finantzatuko dira, eta haiek udaleko lan brigadak eta aldi baterako kontratatutako langileak eginen dituzte. Behin lanak despeditu ondoren Atabo udal elkarteak kudeatuko lituzke aparkalekuak.Bestalde, Altsasuko Udalaren asmoa da Zelai txiki kalean hiruzpalau autokarabanendako plazak erreserbatzea, kiroldegi ondoan. Hauek beste erabiltzaile mota batendako izanen direla azaldu zuen Unai Hualdek. Zinegotzi berak alkateari eskatu zion bi eremuen erabilera ordenantza eta proiektua egiterakoan autokarabana elkarteetako kide diren altsasuarrekin elkarlanean aritzeko. Aisialdi natur guneaTurismoaren bidez, bere erakargarriak baliatuz, Altsasu potentziatzeko modua ikusi du aparkalekuan Asun Fernandez de Garaialde Lazkanok. "Beste batzuk kontrakoa esaten badute ere, honek erakusten du udalak inbertsioak egiten dituela, gainera, lanak egiteko zuzeneko kontratazioak eginez, baldintza onetan kontratatuz". Galde-erreguen tartean Jose Angel Agirrebengoak gogora ekarri zuen bazela urte bat basoaren ordenazio plana bideratu zela. Han jasoa zegoen Usolarrain, Dantzaleku eta San Pedro inguruan aisialdi natur gune izendatzea. Agirrebengoak adierazi zuen izendapen horrek erakargarritasuna ekarriko lukeela eta Nafarroako Gobernuari eskaera hori berriro egiteko eskatu zuen. Udalak inguruan egindako inbertsioak gogora ekarri eta gobernuko laguntzak lortzeko aukera aipatu zituen. KontratazioakUrtea despeditu bitartean Altsasuko Udalak kisusgil bat eta garbiketa lanetan aritzeko bi langile kontratatuko ditu. Mendian markatzeko beste bi kontratazio eginen dira. Horiei Zelandi eskolako itxitura eta teilatuko lanak egiteko kontratatutako hiruak gehitu behar zaizkie. Azken lan horiek eginak, heldu den astean hasiko dira itxiturarekin.