Zelandin aurki aparkalekua

Guaixe 2013ko urr. 31a, 18:02

Atzoko udal bilkuran Altsasuko Udalak Alzate eraikuntza enpresarekin lankidetza hitzarmena egitea onartu zuen. Osasun etxe ondoan 40 ibilgailurendako behin behineko aparkalekua eginen da. Juan Carlos Orellanak esan zuenez, proba moduan eraikiko dela aparkalekua eta emaitza ona badu, aldameneko lurren jabeekin hitz eginen dela hura zabaltzeko. Orellanak azaldu duenez, bi dira aparkaleku horren helburuak. Batetik, azoka egunetan herrietatik etortzen direnei aparkatzeko toki bat eskaintzea. Dendariek eskaera egina zutela gogora ekarri zuen. Horrekin batera, eskolako sarrera eta irteera ordutan gurasoek sortzen duten ibilgailuen "kaosa" eragotzi nahi da. Unai Hualdek alkatetzari eskatu zion behin lanak eginda aldameneko kaleetan aparkalekua non dagoen adierazten duten seinaleak jartzeko. Udalak hiri-kontribuzioaren truke eskuratuko du lurra erabiltzeko eskubidea. Aparkalekua inguru horretan etxeak eraikitzen hasi arte izanen da indarrean. Lanak egiteko 14.780 euro bideratuko ditu udalak.

Bestalde, Allozko Inserlantxo enpresak eginen ditu Zumalakarregiko aterpeko lanak. Orellanak jakinarazi zuenez, udalak aurreikusitako 93.015,73 euro aurrekontuari %15eko beherapena egin diote. Gainera, bilkura berean udalak onartu egin zuen 3.600 euro bideratzea Iortia kultur gunerako soinu eta argiteri mahai bana erosteko, baita eraikin bereko erakusketa gelarako bideo-zaintza sistema ere.

Mozioak
Herrira erakundearen kontrako polizia operazioa salatzen zuen mozioa adostu zuten Nafarroako Parlamentuan Bilduk, Aralar-NaBaik, I-Ek eta GeroaBaik. Altsasuko Udalak bat egin zuen harekin. Bestalde, IUk aurkeztuta, Nafarroan etxebizitzarako eskubidea bermatzeko premiazko neurriak jasotzen dituen legearen kontra Estatuak jarritako helegitea salatu egin zuen Altsasuko Udalak.