Saiz Espainiako Edertasun Erregina lehiaketan

Guaixe 2013ko urriaren 31

Gaur hartuko du Fuengirolako bidea Natalia Saiz altsasuarrak, Malagako herrian azaroaren 8an jokatuko baita Espainiako Edertasunaren Errege eta Erregina lehiaketa. Maiatzaren 19an jokatu zen Nafarroako lehiaketan lehen dama izendatu zuten eta beste bi sari ere eman zizkioten. Lehiaketako estatuko arduradunak orduan esan zion haien gogokoa zela eta beste erkidegoren batean ordezkaririk ez balego Espainiako lehiaketan parte hartzeko aukera izanen lukeela. Eta hala gertatu da. Saiz Aragoi ordezkatuz parte hartuko du Fuengirolan. Garagarrilean, jakinarazi ziotenean, pozik hartu zuen berria 19 urteko altsasuarrak. Galetan janzteko zenbait soineko erosteaz aparte, egunero gimnasioan lan egin du, dietan egon da, saskibaloian aritu da, txakurrak lagunduta korrika aritu da eta takoi gainean ibiltzen aritu da. "Batez ere konstantzia da. Egunero lan egin behar da". Azken lau hilabeteak lehiaketa prestatzen "topera" ibili dela aitortu digu, "emakume gorputza lortzeko".Saiz Fuengirolara irabazteko gogoz joanen da. "Espainia nazioarteko lehiaketa batean ordezkatzea gauza handia litzateke". Aurrera begira modaren arloan lan egitea gustatuko litzaioke. "Desfileak, argazki saioak... Moda kontuekin agenda beteta izatea gustatuko litzaidake". Bitartean, Vilanova i la Geltruko Totsports Basquet Sama taldearekin Kataluniako lehen mailan jokatzen ari da. Aurreneko sei partidetatik lau irabazi dituzte eta pozik da, "beste taldeek duten eskarmentua nabari da".